Ekonomia -

Epaiketa

Ogasuna: Bravok funtsezko rola izan zuen bere enpresak zergak Gipuzkoan ordain zitzan

Estatuko Ogasun inspektore batek esan du Gipuzkoako Ogasun zuzendari ohiak Glass enpresako administratzaileari bere etxean bizitzen utzi zion, sozietateak gutxiago ordain zezan.

Bravo, epaitegira heltzen, lehen saioan. Argazkia: EFE
Victor Bravo.
Bravo, epaitegira heltzen, lehen saioan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Victor Bravo Gipuzkoako Ogasun buru ohi eta EAJren senatariaren kontrako epaiketaren bigarren eguna izan zen atzo Donostiako Zigor arloko 1. Epaitegian. Lekukotza garrantzitsuak entzun ziren saioan. Batetik, Espainiako Ogasuneko ikuskatzaile batek deklaratu zuen. Horren esanetan, Glass Costa Este Salou enpresa (Victor Bravo bera zen bazkide) Gipuzkoara ekartzea trikimailu hutsa izan zen, onura fiskalak lortzeko, eta Ogasunak "argi" izan zuen hori.

Zerga Kudeaketarako eskualdeko ikuskaritza buruaren ustez, Bravok "funtsezko rola" izan zuen auzi horretan. Batetik, Glass Costa Este Salouren admistratzaileari Donostiako bere etxean bizitzen utzi zion, sozietateak egoitza fiskala bertan eduki zezan eta zergak ere Gipuzkoan ordain zitzan. Ikuskatzaile horren arabera, administratzailea "Gipuzkoako edozein etxebizitzatan bizi zitekeen, baina kasualitatez, Bravoren etxera mugitu zen".

Bravo Gipuzkoako Ogasun zuzendaria zen Glass Costak lurralde horretan zergak ordaintzeari ekin zionean. Ikuskariak azpimarratu duenez, enpresa horri erregimena emateko orduan prozesu horretatik kanpo geratu behar zen Bravo, sozietate horren administratzailea "laguna" zuelako eta sozietatean bazkide zelako. Ez zuen halakorik egin, ordea.

Ikusariaren aburuz, Glass Costa sozietateko administratzaileak (enpresa Cambrillsen, Tarragonan, errotuta zegoen) ez zuen "nahikoa ezagutza" enpresaren egoitza fiskala lekualdatzeko, halako operazio bat "foru zein Espainiako zerga sistema zehatz mehatz ezagutzen duen" pertsona batek bakarrik egin dezakeela argudiatuta.

Glass Costa Este Salou enpresaren egoitza fiskala izan zen Donostiako zerga aholkularitzaren baten administratzaileak ere deklaratu zuen atzoko saioan.

Azaldu duenez, bere bulegoan 80 sozietate baino gehiago zeuden erregistratuta, gehienak "enpresa zonbiak", jardunik eta langilerik gabekoak.

Peru Bazako Eusko Jaurlaritzako Harreman Instituzionaletarako sailburuordea ere galdekatu zuten bigarren saioan. 1995 eta 2003 urteen artean, Gipuzkoako Zerga Bilketaren zuzendariordea izan zen, eta Glass Costak Gipuzkoako erregimenaren ebazpena jaso zuenean, berak sinatu zuen agindua, Victor Bravo kanpoan zegoelako. "Izapide hutsa izan zen", nabarmendu du.

Epaiketa gaur amaituko da adituen txostenarekin eta aldeen behin betiko ondorioekin.

Fiskaltzak 6 urteko kartzela-zigorra eskatu du Victor Bravorentzat, 2003an, 2004an eta 2006an Ogasunaren aurkako delituak egin izana egotzita. Horrez gain, 1,4 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea eskatu du. Estatuaren abokatuak —akusazio partikular gisa aurkeztu da Zerga Agentziaren izenean—, berriz, 9 urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat. Halaber, 1,8 milioi euroko kalte-ordainak ordaintzea galdegin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Iruzurrak Epaiketak Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak