Politika -

KATALUNIA

Azaroaren 18ra atzeratu dute lazo horiak ez kentzeagatik Torraren aurkako epaiketa

Atzerapenaren ondorioz, hauteskunderen ostean epaituko dute Kataluniako presidentea. Ordurako, gainera, prozesu independentistaren kontrako epaia jakinaraziko dute, ia ziur.

Generalitatearen egoitza nagusian jarritako lazo horia. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Generalitatearen egoitza nagusian jarritako lazo horia. Artxiboko irudia.
Generalitatearen egoitza nagusian jarritako lazo horia. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraikin publikoetatik hauteskunde kanpainan lazo horiak ez kentzeagatik Quim Torra Kataluniako presidentearen kontra egingo den epaiketa azaroaren 18ra atzeratzea erabaki du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Datorren astean zen hastekoa epaiketa, irailaren 25ean, baina gaur kaleratu den erabaki honekin, hauteskunde orokorrak bukatutakoan abiatuko da.

Torraren defentsak Jesus Maria Barrientos eta Mercedes Armas epaimahaikideen kontrako errekusazio eskariak aurkeztu zituen, hainbat arrazoi tarteko, eta horiek argitzeko denborarik ez dutela izan argudiatu dute epaiketaren eguna atzeratzeko.

Hain zuzen, Carlos Ramos magistratuak ebatzi behar zuen Barrientosen eta Armasen aurkako errekusazio eskarien inguruan, eta Ramos bera ere errekusatzea eskatu dute aste honetan Torraren abokatuek, "PSC alderdiarekin lotura estua" duela argudiatuta.

Politika orokorreko eztabaida hartuko du datorren astean Kataluniako Parlamentuak, eta, hori dela eta, Torrak epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen, ezingo zuelako saiora aurkeztu. Ez zioten eskaria onartu, baina, orain, egun gutxi batzuk geroago, izan dute atzerapenaren berri.

Horrela, hauteskunde orokorren ostean epaituko dute Kataluniako presidentea. Ordurako, gainera, prozesu independentistaren kontrako epaia jakinaraziko dute, ia ziur.

Desobedientzia delitua egotzita, urtebete eta zortzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak Torrarentzat. Apirilaren 28ko hauteskunde orokorren kanpainan, erakundeetan jarrita zeuden lazo horiak kentzeko agindu zion Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidenteari, baina ez zituen agindutako epean erretiratu.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 48 ordu eman dizkio Torrari Generalitateko Jauregitik kentzeko preso eta erbesteratuen aldeko pankarta

Bestalde, Generalitateko Jauregiko fatxadatik politikari presoak askatu eta erbesteratuak itzultzeko galdegiten duen pankarta kentzeko eskatu dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Torrari, eta 48 orduko epea eman dio horretarako. Pankarta horretan, lazo hori bat ere badago.

Gonzalo Boy Kataluniako presidentearen abokatuak deitoratu egin du erabakia, eta auziaren muinean ez daudela "lazoak" eta "publikoa den gunearen neutraltasuna" esan du, "gaitasungabetzeak eta egoera politikoa asaldatzea" baizik.

Nolanahi ere, Quim Torrak preso politikoen eta erbesteratuen aldeko pankarta dagoen tokian utziko du oraingoz, eta kentzeko aginduaren aurkako helegitea jarriko du. Ohar baten azaldu duenez, pankartako goiburuarekin "Kataluniako gizartearen gehiengo oso zabalak bat egiten du, eta presoekin eta erbesteratuekin Kataluniako Gobernuak konpromiso demokratikoa du". Torraren iritziz, errepresioa pairatzen ari dira presoak eta erbesteratuak, demokrazia, hauteskunde-aginduak eta oinarrizko eskubideak babesteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa