Politika -

RADIO EUSKADI

Batasunerako deia egingo die alderdikideei Gezuragak gaur Zumaian

Radio Euskadin esan duenez, alderdiaren barruan 'gutxieneko adeitasuna' berreskuratu eta urak bere onera ekartzea da bere helburua.

EAko biltzarra Zumaian. Argazkia: Xabier Urteaga_Euskadi Irratia
EAko biltzarra Zumaian. Argazkia: Xabier Urteaga_Euskadi Irratia
EAko biltzarra Zumaian. Argazkia: Xabier Urteaga_Euskadi Irratia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Gezuraga Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak batasunerako deia egingo die alderdikideei, gaur Zumaian egingo duten Alkartasun Eguneko ekitaldi politikoan. 

Alderdiaren barruan "gutxieneko adeitasuna" berreskuratzea da zuzendaritzaren helburua, eta, Pello Urizarren dimisioaren ondoren, idazkari nagusi berria aukeratzeko urriaren 25erako deitu duten bozketaren gardentasuna defendatu du, bere hitzetan, "alderdiaren estatutuekin" bat datorrelako. Prozesuarekin aurrera egitera behartuta daudela nabarmendu du, araudiak eskatzen dituen "epeak eta formak" kontuan hartuta. 

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Gezuragak onartu du Eusko Alkartasunaren baitan "ikuspegi eta iritzi" bat baino gehiago daudela, eta sortu den krisia bideratzeko modu bakarra eztabaida alderdiaren barneko organoetara itzultzea dela gaineratu du, gaia "soseguz" landu ahal izateko.

"Elkarrizketa serioa, sakona eta zintzoa" abian jartzearen alde agertu da, eta, horretarako, sektore kritikoak jarritako helegiteak erretiratzea ezinbestekotzat jo du. "Hori da bidea, alderdiaren barruan gutxieneko adeitasuna berreskuratzeko", esan du.

Bi sektoreen arteko harremanak "onak" direla ziurtatu du EAko jarduneko idazkari nagusiak, eta azken asteotan hartuemanak izan dituztela aurreratu du.

Alderdiak publikoki eman duen "irudia" oso kaltegarria izan dela ere aitortu du Gezuragak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu EA Eguneko albisteak Zumaia Albisteak