Politika -

Heriotza

Louis Joinet frantziar legelaria hil da

2015ko ekainean egin zuten Pariseko Biltzarraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. 2017ko apirilaren 8an Baionako ekitaldietan parte hartu zuen, ETAren armagabetzea gauzatzeko.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Louis Joinet 85 urte zituela hil da, Naiz-k eta Berria-k igande honetan aurreratu dutenez. Frantziako epailetzan eta politikan ibilbide luzeko gizona zen.

2015ko ekainean egin zuten Pariseko Biltzarraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen; bake prozesuan aurrerapausoak eskatu zituzten Frantziako 100 bat pertsona ospetsuk. Covitek Joineten aurkako salaketa aurkeztu zuen, elkarrizketa batean "ihes egindako ETAko kideen atxiloketa eragotzi" izana ustez "aitortu" zuelako.

2017ko apirilaren 8an Baionako ekitaldietan parte hartu zuen, ETAren armagabetzea gauzatzeko. Bakearen Artisauen adierazpena frantsesez irakurri zuen epaile ohiak.

2017ko abenduan 11.000 euskal herritarrek Parisera martxa egin zuten, presoen gaiari behingoz heltzea eskatzeko. Joinetek ekimenean parte hartu zuen.

Esparru juridikoan, Frantzian zein nazioartean, arrastoa utzi du Louis Joinetek. Horrela, Francois Miterranden agintaldian Frantziako presidentearen aholkularia izan zen (1981-1995).

Lehenago, 1968an, izaera aurrerakoiko Frantziako Magistratuen Sindikatua sortu zuen. Egun ere erreferentzia garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Beranduago, 1997an, Nazio Batuen Erakunderako "Joinet printzipioak" ezarri zituen. Horregatik, Trantsiziorako Justiziaren aitzindarietako bat da. Azken urteetan gai horietarako NBEko Adituen Batzordeko kide izan da.

Besteak beste, Bakebideak, Foro Sozialak eta EH Baik atsekabea agertu dute oharretan edo sare sozialetan, eta Joinetek bakearen alde egindako lana azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin