Politika -
Batzorde Federala
PSOEk Pedro Sanchez buruzagiaren estrategia politikoa babestu du
Inbestidura gainditzeko eta gobernua osatzeko negoziazioek porrot egin ondoren, Batzorde Federalaren bileran ez diote alderdiko buruzagiari kritikarik egin.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezen estrategia babestu du PSOEk larunbat honetan: hauteskundeak errepikatu Unidas Podemosen "eskakizunen" aurrean etsi baino lehen, izan ere, "emaitza exekutibo ezegonkor bat izango zitekeen eta lehenago ala beranduago hauteskundeak aurreratu beharko zituzketen", adierazi du alderdiko zuzendaritzak.
PSOEren Batzorde Federalak bilera egin du Ferrazeko egoitzan, Madrilen. Inbestidura gainditzeko eta gobernua osatzeko negoziazioek porrot egin ondoren sozialistek ez diote alderdiko buruzagiari kritikarik egin, nahiz eta hautestontzietara berriz jotzeak arrisku bat suposatu.
Batzordeko 20 bat kidek hartu dute hitza, PSOEk ateak itxita egin duen bileran. Azaroaren 10ri begira animoak eman, Sanchezen estrategia babestu eta Francisco Franco Erorien Haranetik ateratzeko kemena azpimarratu dute Sanchezen alderdikideek. Auzitegi Gorenaren epaiak lagunduta, Espainiako Gobernuak diktadorearen gorpuzkiak azaroaren 1a baino lehen ateratzeko asmoa du, hauteskunde-kanpaina hasi baino lehen, alegia, sozialistek azaldu dutenez.
PSOE barruan batasun eta sendotasun irudia eman ondoren, Sanchez kanpainaurrean murgilduko da aste honetan. Horrela, ia egunero alderdiko ekitaldiak izango ditu Espainiako toki ezberdinetan.
Besteak beste, Idoia Mendia lehendakarigai sozialista izendatzeko ekitaldian izango da Sanchez datorren igandean, urriak 6, Barakaldon (Bizkaia).
PSE-EEko idazkari nagusia lehendakarigai berretsi dute Batzorde Federalean. "PSOEren laguntzarekin, euskal sozialistek adostasunerako esparruak" bultzatu nahi dituztela azpimarratu du Mendiak. "Lurralde guztien programa baten, Espainia guztiek tokia duten Espainia bakarraren" aldeko apustua egin du Mendiak.
EAEko hauteskundeetan sozialisten zerrendaburu izateko barne-hauteskundeetan abal nahikoak aurkeztu zituen hautagai bakarra izan zen Mendia. PSE-EEko Berme Batzordeak iragan ekainean hautagai izendatu zuen.
Batzorde Federalean hitzaldi laburra eman du PSE-EEko buruzagiak. Lehendakaritzarako hautagaia izateko alderdiaren konfiantza eskertu du Mendiak. "PSOE guztiaren babes eta laguntzarekin adostasunerako esparruak" bultzatu nahi dituztela nabarmendu du buruzagi sozialistak sare sozialetan.