Politika -

EAJ-REN ALDERDI EGUNA

Ortuzar: 'Abertzaleen haserrea boto abertzale bilakatu behar da'

Milaka jeltzale hurbildu dira gaur Forondara, EAJren Alderdi Eguna ospatzera. Buruzagiek azaroaren 10ean "etxean ez geratzeko" eta botoa ematera joateko eskatu diete.

Andoni Ortuzar gaur Forondan. Argazkia: EAJ-PNVren Twitter kontua
Andoni Ortuzar gaur Forondan
Abertzaleen haserrea 'boto abertzale' bilakatzeko deia egin du Ortuzarrek

1:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero legez, Forondako zelaietan ospatu du EAJk bere Alderdi Eguna. Eguraldi onak lagunduta, milaka alderdikide hurbildu dira bertara eta jendetza horren aurrean hitz egin dute Ane Miren Atin EGIko kideak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hurrenez hurren. Buruzagi jeltzaleek Euskadiren ezberdintasuna aldarrikatu dute, autogobernua goretsi dute, aldaketa klimatikoaren kontrako borroka eta gizon zein emakumeen arteko berdintasuna lortzeko borroka nabarmendu dituzte, eta datozen azaroaren 10eko hauteskundeetan "boto abertzalea" emateko eskatu dute.

Andoni Ortuzarrek esan du ulertzen duela euskal herritarrak nazkatuta eta haserre egotea Espainiako Hauteskunde Orokorrak errepikatu behar direlako, baina eskari zuzena egin die boto-emaileei: "Gu -euskaldunok- bestelakoak gara eta bestela bozkatu behar dugu azaroaren 10ean. Euskadi ezberdina izan dadila hauteskundeetako mapan. Gutako asko haserretuta gaude, bai, baina haserre hori ezin da etxean geratu... Etxean geratzen bagara, beste horiek irabaziko dute. Abertzaleen haserrea erabili behar dugu boto abertzalea emateko. Kabreatuta dagoen abertzale bakoitzak boto abertzalea eman behar du".

1979ko Alderdi Eguna ere gogoratu du EAJko presidenteak bere hitzaldian: "Aixerrotan Estatutu berriaren aldeko kanpaina egin zen. Orain Estatus Berria erditzen ari gara (...) Eraikitze bidean dagoen Nazio bat gara. Zer nahi duen eta nola nahi duen dakien nazioa. Daukaguna babestu behar dugu eta gure autogobernua babestu. Euskaldunak gara eta gure burua gobernatu nahi dugu. Herri honek behar dituen bekak nahi ditugu, ez Auzitegi Gorenak esaten dituenak. Eta berdin nahi dugu ekonomian, gizarte laguntzetan, kirol selekzioetan, kulturan, euskaran eta Europan dugun ordezkaritzan.

Iñigo Urkullu lehendakariak EAJren "politika erabakigarria" balioan jarri du Espainiako politikaren "desgobernu eta ezegonkorraren aurrean". Eusko Alderdi Jeltzaleak Kongresuan, Senatuan, Eusko Jaurlaritzan....politika "baliagarria" egiten duela du esan du, "bai autogobernuan aurrera egiteko baita ekonomia produktiboa, industria eta lanpostuak babesteko, besteak beste".

Lehendakariak gogoratu du urriaren 25ean Gernikako Estatutuak 40 urte beteko dituela eta "ez dutela bete". Horregatik, betearazteko lanean jarraituko dutela adierazi du. "Euzko Alderdi Jeltzaleak proiektu politiko berri eta berritzailea dauka (...) Europa berrian gure Nazioaren izena eta izana zabaltzen jarraitzeko. Autogobernua gaurkotzea. Euskadiren Nazio nortasuna aitortzea. Estatuaren nazio aniztasuna onartzea. Aldebikotasuna bermatzea. Herrien Europa berria eraikitzea. Euskal Bidea. Barne akordioa zabaltzea. Itun politiko berria adostea".

Ane Miren Atinek, Euzko Gaztedi-EGiko kideak, Kataluniako preso politikoak eta espetxean jarraitzen duten Altsasuko gazteak gogoratu ditu klima aldaketaren kontrako borrokarekin bat egiteko aldarrikapena egin baino lehen. "Euskadi, gure Herria, txikia bada ere, eredugarria izan behar da klima aldaketaren kontrako borrokan, gazteok iraunkortasun alorrean eredugarri izan behar dugun era berean". Euskal gizarte osoan emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bideari eutsi behar zaiola ere aldarrikatu du: "Abertzale eta humanista garen aldetik, EGIko emakumeok argi daukagu emakume aske eta ahaldundurik gabe, ez dugula nazio askea izaterik izango".

EAJren Alderdi Egunean izan dira Espainiako Estatutik eta Europatik, Amerikatik zein Afrikatik etorri diren hainbat ordezkari. Horien artean, Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta Juan Carlos Latorre Amerikako Demokrata Kristauen Erakundeko presidentea. Ohiko bisitarien artean, PDeCATeko presidente David Bonvehi eta Estatuko beste alderdietako ordezkari batzuk: Compromiso por Galicia, El Pi-Proposta per les Illes, eta el N-VA flamenco, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Eguneko albisteak Albisteak