Politika -
Gipuzkoa
PSE-EE eta Bildu akordio zehatzetara iristeko prest agertu dira
Miguel Buen ahaldun nagusigai sozialistak inbestidura saioan hautagai izango dela jakinarazi du. Bilduk, berriz, PSE "garai politiko berri honetan erabakigarria" dela iritzi dio.
Erredakzioa
PSE-EEk eta Bilduk, Gipuzkoan eta legegintzaldi osoan, akordio "zehatzetara" heltzeko borondatea agertu dute gaur egin duten bileran. Miguel Buen hautagai sozialistak baieztatu du hautagai izango dela Aldundian eta EAJrekin erakunde guztietara zabaldutako ituna lortzen ez duten bitartean Markel Olano hautagaiari ez diotela babesik emango berretsi du.
PSE-EEk eta Bilduk bilera egin dute Donostian koalizioak Gipuzkoan ireki duen bilera-sortaren baitan. Atzo hasi zen Bildu gainerako alderdiekin batzartzen, EAJrekin, eta bihar amaituko dira bilerak Aralarrekin, PPk muzin egin baitio koalizioarekin biltzeari.
Miguel Buen, Miguel Angel Morales, Susana Corcuera eta Julio Astudillo izan dira EAren Donostiako egoitzan bertaratu diren ordezkari sozialistak, eta Bildutik Martin Garitano ahaldun nagusigaia eta Ander Rodriguez, Iñaki Agirrezabalaga, Lohintzune Txarola eta Idoia Ormazabal.
Ordubeteko bilera amaituta, Miguel Buenek azpimarratu du Bildurekin lotuko dituzten akordioak "zehatzak" izango direla, ez zabalak, eta "ez da inbestidurarako akordiorik egongo", izan ere, Buenek bere burua aurkeztuko du.
Bestalde, Ernesto Gasco PSEren Donostiako alkategaia ere izan da bileran, eta Gipuzkoako hiribururako alkategai izaten jarraituko duela berretsi du.
Bildu: "PSE garai politiko berri honetan erabakigarria da"
Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak adierazi duenez, PSE "garai politiko berri honetan erabakigarria da eta paper garrantzitsua izan behar du".
Bileraren ostean, sozialistekin elkarrizketarako eta lankidetzarako bideak irekita izateko konpromisoa hartu du "bakerantz eta normalizazio politikorantz hurbiltzeko helburuarekin".
Foru Gobernu bat osatzeko PSErekin dituzten programa desberdintasunak agerian geratu dira, baina legealdian zehar "akordio zehatzetara" iristeko prest agertu da Garitano fiskaltza eta gizarte politikan, esaterako.