Politika -

Foro soziala

EAEko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek barkamena eskatu diete biktima guztiei

Euskadiko GGKD Koordinakundea eta REAS Euskadi osatzen duten erakunde eta enpresek lau puntuko adierazpen bateratua kaleratu dute gaur, Foro Sozialaren gonbidapenari jarraiki.

Erakundeetako ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Foro Social
Erakundeetako ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan.
Erakundeetako ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Foro Social

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKD) Koordinakundearen baitan biltzen diren 80 erakundeek eta REAS Alternatiba eta Elkartasun Ekonomia Sareko 64 erakunde eta enpresek ETAren indarkeriaren garaian izan zuten jarreraren irakurketa kritikoa egin dute eta barkamena eskatu diete biktima guztiei.

Foro Sozialak deitutako prentsaurreko batean adierazpen bateratua irakurri dute taldeotako bozeramaileek, Agus Hernan Foroko bozeramailea ondoan zutela. Lafede Kataluniako gobernuz kanpoko erakundeen Koordinakundeak ere adierazpenarekin bat egin du.

Agerraldian aitortu dutenez, "urte gehiegitan ez dugu egoerak eskatzen zuen bezala jardun, gure etxean gertatzen ari zenaren aurrean", eta "sektore askok ez dute ulertu jarrera hori, eta, biktima askok jakinarazi digutenez, horren ondorioz, diskriminazioaren sentsazioa areagotu egin da beraiengan".

Horregatik, barkamena eskatu diete gaur, "bihotz-bihotzez eta publikoki", biktimei, "biktima guztiei, bai ETArenei eta bai Estatuarenei", eta "besarkada handi eta bero bat" bidali diete.

Ondoren, lau puntuko agiria irakurri dute. Lehenengo puntuan, giza eskubideak babestu dituzte "Euskal Herriko bizikidetza demokratikorako ardatza eta erreferentzia bakarra izan daitezen, eta bakearen kultura eraikitzea, gertatutakoa ez errepikatzeko oinarri sendoa izan dadin". Bigarrenean, "egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak bermatzea" eskatu dute "indarkeria-adierazpen ororen biktima guztientzat". Hirugarrenean, erakundeei eskatu diete "espetxe-politikako legeria arrunta aplika" dezatela eta urruntzea amai dadila. Azkenik, erakundeok konpromisoa hartu dute "bakearen, bizikidetzaren eta adiskidetzearen kultura sustatzeko, sektorearen berezko balioak aintzat hartuta, hots, gure gizartean gizarte-partaidetza, inklusioa eta kohesio soziala sustatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak GKEak