Politika -

Bakea eta bizikidetza

PSE eta PPrekin ere EH Bildurekin bezain zorrotza izateko eskatu dio Sortuk Urkulluri

"Lehendakariak ez du arazorik erakunde guztietan GAL sortu zuen PSOErekin gobernatzeko edo iraganean nahiz orain PP babesteko", kritikatu du Arkaitz Rodriguezek.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, ETBn.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak indarkeriari buruz argi eta garbi hitz egiteko eta "hiltzea gaizki" egon zela esateko eskatu zion atzo EH Bilduri.

Gaur, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak erantzun dio, "bere buruarekin eta bere aliatuekin EH Bildurekin bezain zorrotza" izan dadila galdeginez.

ETBko 'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketan, Rodriguezek adierazi du ETAren indarkeriaren harira ezker abertzaleari egiten zaizkion eskaeren helburu nagusia ezkerreko independentismoari "kalte egitea" dela, "eta ez bizikidetzan eta bakean urratsak ematea".  

PSE-EEri eta PPri aipu eginez, Rodriguezek salatu du Urkulluk askoz gehiago exijitzen diola EH Bilduri bakegintza eta bizikidetza mailan, bere aliatuei baino. "EAJk ez du arazorik GALen arduradun izan zen PSOErekin erakunde guztietan gobernatzeko, ezta PP iraganean nahiz orain babesteko ere", kritikatu du.

"Noiz eskatuko dio EAJk PPri edo UPNri 40 urteko diktaduraren edo trantsizio eredugarria deitzen dioten horretan izan ziren ehunka heriotzen ardura bere gain hartzeko? Noiz entzungo diogu PSOEri berak antolatu eta diruz lagundu zuela GAL? Noiz entzungo diogu EAJri Ertzaintzari egozten zaizkion 300 tortura kasuen ardura bere gain hartzen duela esaten?", galdetu du Rodriguezek.

"Lehendakariak eta EAJk askotan PPk, Ciudadanosek eta Voxek bezala jokatzen du eta ETAren gaia ateratzen du beste gauza batzuez hitz egin behar ez izateko", kritikatu du.

Gauzak horrela, Urkullu beste hainbat gaitaz hitz egiten entzun nahiko lukeela esan du, hala nola, "Euskaltelen gertatzen ari den eskandaluaz; pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 18koa denaren inguruan; edo Zaballako espetxean aurten hil diren bost presoez nahiz kartzela horretan ohikoak diren tratu txarrez".

Horrez gain, Sortuko buruzagiak azpimarratu du "Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuan nahasita izan diren eragileetatik" ezker independentista izan dela "bakea eta bizikidetza eraikitzeko ekarpen gehien egin duena".

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Iñigo Urkullu Sortu Eusko Jaurlaritza EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak