Politika -

Legebiltzarrean

Legezko kontsulta baten alde dago Urkullu, 'irteerarik gabeko kale itsuak' arbuiatuta

Estatutu berriaren gaineko testua egiten ari diren adituen batzordearen lana babestu du lehendakariak; Gorenak beken sistemaz emandako epaiaren inguruan, "autogobernuaren aurkako erasoa" dela esan du.

Iñigo Urkulluk Alonsori eta Iriarteri erantzun die. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkulluk Alonsori eta Iriarteri erantzun die. Argazkia: EFE.
Urkulluk adostutako galdeketa baten aldeko apustua berretsi du

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du ahal duena egingo duela Euskadik aukera izan dezan bere etorkizuna erabakitzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako legezko kontsulta batean, baina argi utzi du haren apustua dela "bide bideragarriak" diseinatzea, Euskadi ez kokatzeko "irteerarik gabeko kale itsuetan".

Hala erantzun die Urkulluk, Legebiltzarrean, kontrol-saioan, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarteri eta EAEko PPko presidente Alfonso Alonsori; Iriartek eta Alfonsok galdera bana egin diote lehendakariari saio horretan.

Estatutu berriaren gaineko testu artikulatu bat egiteko mandatua egin die Ganberak adituen batzorde bati, eta Alonsok lan horien martxagatik duen kezka agertu du; hain zuzen ere, eskatu dio lehendakariari lan hori geldiarazteko, "bestela, Estatuarekin talka egitera eramango duelako Euskadi".

"Kezkatuta nago; suarekin ari gara jolasten, eta horrek ondorioak ditu: gatazka eta gorrotoko urteak justifikatzeari uko egin ez diotenak elikatzen dituzte. Euskal gizartea berriro zatitzea dakar horrek. Zure asmoa erreformatzea bada, hemen nauzu; bizikidetasuna hautsi nahi baduzu, ahaztu", esan dio lehendakariari.

Iriartek, bere aldetik, Auzitegi Gorenak euskal beken sistemaren gainean emandako epaiaz hitz egin du, ohartarazita horrelako epaiek Jaurlaritzaren eta Estatuaren arteko edozein aldebikotasun-harreman urratzen dutela, eta agerian uzten dutela "botere autonomikoa indargabetzen duen salbuespen-estatua dagoela, eskumenei dagokienez".

Estatutu berrian lan ari den adituen batzordearen alde

Lehendakariak adierazi duenez, adituen batzordearen lana etekina ari da ematen, eta bertatik "desadostasunak baino gehiago, adostasunak irteten dira". Berretsi du babesten duela "itundutako legezko kontsulta bat", Euskadiko etorkizun politikoa erabakitzeko; esan duenez, "horrek ez du zerikusirik autodeterminazio-eskubidearekin".

Argi utzi du batzordetik aterako den akordioa errespetatuko duela, eta ahal duena egingo duela "itundutako legezko kontsulta" gauzatu ahal izan dadin.

"Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko itundutako legezko kontsulta baten aurka egongo zinateke?", galdetu dio lehendakariak Alonsori. Urkulluk azpimarratu du kontsulta hori "autogobernua eguneratzeko irtenbidea eta aukera" izango litzatekeela.

Nolanahi ere, Maddalen Iriarterentzako erantzunean, lehendakariak babestu du Estatutu berriaren garapenerako bidea "bideragarria izan behar dela, irteerarik gabeko kale itsurik gabekoa"; adierazi duenez, hori erdiesteko "norabide guztietan bilatu behar dira akordioak, etengabe: Euskadiren barruan, Euskaditik Estatuarekin eta Europarekin".

"Irteerarik gabeko kale itsuak saihestu behar dira, eta horretarako ondorengoa behar dugu: sormena, iraunkortasuna, sendotasuna eta akordioa", argudiatu du.

Euskal autogobernuaren zentralizatzeko joerak gaitzetsi ditu, bai eta autogobernua gutxiesten dutenengandik datozen jarrerak ere (ezker abertzaleaz ari zen, une horretan).

Errealitatetik gertu bizitzeko deia egin du

Ildo horretan, eskatu dio EH Bilduri "iragana, erdeinu- eta mespretxu-jarrerak eta autogobernuaren aurkako jokabideak atzean uzteko", eta nabarmendu du "edozein lorpenek" eskatzen duela "errealitatetik gertu bizi eta oinarri sendo batetik abiatzea"; euskal autogobernua, "berezia eta aintzatetsia" denez, horrelako oinarria da.

Nabarmendu duenez, azken berrogei urteotan Eusko Jaurlaritzak lan egin du "elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren inguruan", eta adierazi du haren iritziz horixe izan behar dela ondorengo urteotan jarraitu beharreko estrategia, "etekinak emango baititu".

"Gehiengo osoarekin ere, negoziazioa, elkarrizketa eta akordioa beti da estrategia onena", berretsi du.

Iriartek aipatutako beken gaineko epaiaz, lehendakariak esan du "autogobernuaren aurkako beste eraso bat dela"; zehaztu duenez, epaiari men egitea bateragarria da "zerbitzu publikoen kalitateari eusteko irmotasunez eta sormena erabiliz lan egitearekin".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Alfonso Alonso bideoak Maddalen Iriarte