Politika -

Memoria historikoa

Franco urriaren 25a baino lehen hobitik ateratzeko asmoa du Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuaren esanetan, urriaren 18tik 22ra bitartean gauzatuko dute diktadorearen desobiratzea. Erorien Harana ostiral honetan itxi dute.

Francisco Francoren hilobia Erorien Haranean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Francisco Francoren hilobia Erorien Haranean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Urriaren 25a baino lehen egingo da Francoren exhumazioa

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak urriaren 25a baino lehen Eroriren Haranetik ateratzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak Moncloa jauregian, prentsaurrekoan, iragarri duenez. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak ostiral arratsaldean itxi du Erorien Harana. Desobiratzea "urriaren 18tik 22ra bitartean" gauzatu nahi dute.

Data zehatzaren eta orduaren berri 48 ordu lehenago emango diote Francoren familiari, diktadoreen senideek El Pardo-Mingorrubio hilerrira joateko aukera izan dezaten.

Eroriren Haraneko basilikan Dolores Delgado Justizia ministroa bakarrik izango da, erresuma notario nagusi gisa akta jasotzeko. Era berean, gorpuzkiak hobitik ateratzeko langileak bertan izango dira. Komunikabideek sarrera galarazita izango dute.

Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haraneko hobitik ateratzeko Espainiako Gobernuaren erabakiari abala eman zion Auzitegi Gorenaren aretoak Gobernuaren dekretuaren gainean zegoen kautelazko galarazpena indargabetu zuen ostegunean. Hain zuzen ere, hiru helegite zeuden tartean: Franco Fundazioarena, Erorien Haranaren Defentsarako Elkartearena eta bertako monje beneditarren komunitateak aurkeztutakoa.

Epaileek gogorarazi zuten Konstituzioaren 118. artikuluak herritar guztiak epai irmoak betetzera behartzen dituela. Abadiako prioreagatik egin dute aipamen hori, izan ere, esan du ez duela baimenduko hobitik ateratzea.

Ministroen Kontseiluak erabakia hartu ondoren Espainiako Gobernua Franco hobitik aterako duela iragarri du Calvok. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuak berak akordioa eskuan eraman du bilerara.

Gaurtik aurrera Exekutiboak beharrezkoak diren neurri tekniko guztiak hartuko ditu diktadorea Erorien Haranetik atera eta Mingorrubioko hilerrira eramateko.

Auzitegi Gorenak Franco hobitik atera ahal izateko azken oztopoa kendu zuen ostegunean. Erorien Haraneko Basilikara "segituan" sartzeko eskubidea dute, presidenteordeak azaldu duenez.

Calvoren hitzetan, "gorpuzki batzuei zor dioten erabateko errespetuarekin" egingo dute, "pertsona baten gorpuzkiak lekualdatzeko beharrezko diskrezioarekin".

Calvo: "Erorien Harana bake, barkamen eta justiziarentzako tokia izatea nahi dugu"

Calvok azaldu duenez, oraindik ez dute data zehatzik finkatu, segurtasun baldintzekin Erorien Harana "itxita" izateko egun batzuk beharko dituztelako. "Besterik ez dago", bermatu du.

Aurreratu bezala, komunikabideak ezin izango dira basilikan sartu, familiaren intimitatea, errespetua eta diskrezioa bermatzeko.

Hala ere, komunikabideek euren txokoa izango dute informazio eskubidea bermatzeko, baina ez familiari gordetako toki berdinean.

Calvoren ahotan, Memoria Historikoaren Legea gauzatzeko pausoa da; izan ere, diktadorearen gorpuzkiak "goratze toki" batetik ateratzea aurreikusi zuen arauak.

"Gure herriaren historian iragan beltz baten arduraduna", diktadorea, Estatu hilobi batean ez izatea da helburua, gogorarazi duenez, toki pribatu batera eramatea baizik, El Pardo-Mingorrubio hilerrira, hain zuzen ere. Bertan Francoren beste senide batzuen gorpuzkiak daude dagoeneko.

Duina ez zena "duintasunarekin" ixteagatik pozik agertu da Calvo, diktadore batek "estatu hilobi" bat izatea. Gainera, Estatuko hiru botereen bermearekin egingo dute; Gobernua, Gorteak eta azkenik Auzitegi Gorena, azpimarratu duenez.

"Erorien Harana bake, barkamen eta justiziarentzako tokia izatea nahi dugu", nabarmendu du presidenteordeak. Azkenik, "guztien lorpen" bat dela goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa