Politika -

'PROCES'-AREN EPAIKETA

Iristear den sententziaren aurkako protestak hasi dira Katalunian

Picnic per la Republica plataformak deituta, dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bartzelonako Santseko geltokian, Polizia dispositibo zabal bat bertan zela. Tentsio uneak egon dira.

Santseko geltokia, Bartzelona.
Santseko geltokia, Bartzelona.
Gorenaren epaiaren kontrako lehen protesta egin dute Bartzelonan

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako independentzia prozesuaren epaiketaren sententzia ezagutzeko ordu gutxi falta direla, herritarrak hasi dira kalera ateratzen. Picnic Per Republica plataformak deituta, eserialdia egin dute gaur goizean Bartzelonako Santseko geltokian, 10:00etan hasita.

Esquadra Mossoen eta Polizia Nazionalaren dispositibo zabala joan da bertara, eta protestan ari ziren herritarrak banan-banan ateratzen hasi dira geltokiaren barrutik. Tentsio uneak bai, baina modu baketsuan egin dute protesta, auzipetuen askatasuna aldarrikatuz.

Geltokiaren kanpoaldean jarraitu dute protestarekin independentistek, eta handik Espainia plazara joan dira manifestazioan. Kale Nagusia ibilgailuentzat itxita egon da tarte batean. 14:30 inguruan amaitutzat eman dute protesta.

Pertsona bat atxilotu dute, "agente bati eraso egitea egotzita".  Esquadra Mossoek jakitera eman dutenez, atxilotutakoa ez da Picnic Per Republica plataformako kidea.

Filtrazioak

Sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, Kataluniako buruzagi independentistak zigortzea erabaki dute epaileek, azken orduetan hainbat komunikabidetan izandako filtrazioen arabera. Gauzak horrela, matxinada delitua baztertuko lukete epaileek.

Iturri judizialak aipatuta, EFE albiste-agentziak jakitera eman duenez, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko zazpi epaileek erabakita zeukaten epaia astelehen honetan zabaltzea, baina orain litekeena da hori atzeratzea.

Espetxe-zigorrak zeintzuk izango diren jakiteke dago, baina dirudienez, epaileek adostu dute matxinada delituagatik akusatuak zigortzeko baldintza nahikoak ez direla betetzen.

Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren, eta Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari izandakoen abokatuek, jada, iragarri dute filtrazioen kontrako salaketa jartzea aztertzen ari direla Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean