Politika -
Erorien Haranetik aterako dute
Delgado: 'Franco hobitik ateratzea demokraziaren garaipenik handiena da'
Espainiako jarduneko Justizia ministroak azpimarratu duenez, Franco hilobitik ateratzeak "askatasuna edo bizitza galdu zutenen memoria duin egingo du".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dolores Delgado Espainiako jarduneko Justizia ministroak igande honetan adierazi duenez, Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea "azken 40 urteetan demokraziaren garaipenik handiena da".
PSOEk Irunen (Gipuzkoa) egindako hauteskunde-ekitaldi batean izan da Delgado, Odon Elorza Kongresurako zerrendaburuarekin eta Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin batera.
Jarduneko ministroak ez du 'proces' auziaren sententzia aipatu, baina bai Francoren inguruan. Horren iritziz, diktadorea hilobitik ateratzeak "askatasuna edo bizitza galdu zutenen edo erbesteratu behar izan zirenen memoria duin egingo du".
Franco hobitik ateratzeko unean bertan izango da Delgado, Espainiako Estatuko notario gisa. "Inoiz ez luke han lurperatua behar izan", deitoratu du ministroak. Bere aburuz, Pedro Sanchezen Gobernuak "ausardiaz abiatu du prozesua, eta PSOE osatzen duten gizon eta emakume guztiek horretan parte hartu dute".
Azaroko hauteskundeen gainean ere mintzatu da Delgado, eta mobilizaziorako deia egin du, ezin baitu "abstentzioak irabazi". "Irmotasuna eta argitasuna behar dugu bozetan, abstentzioak ez baitu arazoak konpontzen, ez ditu pentsioak bermatzen, ez ditu gutxieneko soldata igotzen, eta ez ditu dependentzia legerik aurrera ateratzen". Gainera, "ez ditu elkarrizketarik edo elkarbizitzarik Kataluniara eramango".