Politika -
MANIFESTAZIOA, DONOSTIAN
'Larrialdi demokratikoari' erantzun bateratua emateko deia egin du Gure Eskuk
Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik, 'Erreferenduma ez da delitua' lelopean. Besteak beste, EAJk, EH Bilduk, Podemosek, ELAk eta LABek egin dute bat deialdiarekin.
eitb.eus
Gure Esku plataformak manifestazioa deitu du larunbat honetarako Donostian, gaur egungo "larrialdi demokratikoari erantzun bateratua" emateko eta Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaia salatzeko.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak ohar batean azaldu duenez, epai "bidegabe" horrek dakartzan "ondorio larrien aurrean", herritar guztiei dei egiten die gaur Donostian, 'Erreferenduma ez da delitua' lelopean, egingo den manifestazioan parte hartzera. '
"Gure desadostasuna adierazi nahi dugu erreferenduma kriminalizatu duen Auzitegi Gorenaren epai honekin. Izan ere, erreferenduma herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duen tresna demokratikoa da. Etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzea eskubide demokratikoa da. Beraz, hemen, Euskal Herrian, hori ere legeztatu eta erabili nahi dugu", azpimarratu du Gure Eskuk.
Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik, eta Boulevardean egingo den ekitaldiarekin amaituko da. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek eta bertan izango diren ordezkari politiko, sozial eta sindikalek ibilbidea hasi aurretik egingo dituzte adierazpenak.
Horrela, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak "Kataluniako preso politikoen askatasuna" aldarrikatuko du, "herrien oinarrizko eskubideak eta eskubide kolektiboak defendatzeaz gain". Hala, antolatzaileek adierazi dutenez, "bidezko eta zentzuzko epai bakarra absoluzioa litzateke".
Txilibitu horiak banatuko dituzte mobilizazioan.
Alderdien, sindikatuen eta eragile sozialen babesa
Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek babestu dute Gure Eskuk egindako deialdia, tartean EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, ELAk eta LABek. Gaurko manifestazioan parte hartzeko deia egin diote euskal gizarteari.
Dokumentu bat ere izenpetu dute eragile horiek, eta asteon aurkeztu dute Donostiako Kursaal Jauregian egindako agerraldian.
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako prozesu judiziala "bidegabea" eta "arbitrarioa" izan zela, akusazioak "oinarririk gabekoak" direla eta auzipetuen oinarrizko eskubideak "urratu" direla salatu dute idatzi horretan.
Kartzelatuei elkartasuna eta babesa adierazita, Auzitegi Gorenaren ebazpenak "manifestazio eskubidea, adierazpena askatasuna edota erabakitzeko eskubidea" kriminalizatzen dituela ohartarazi dute.