Politika -

Altsasuko auziaren epaia

Altsasuko epaiaren 'injustizia' salatu dute Iruñeko Justizia Auzitegiaren aurrean

150 txirrindulari abiatu dira goizean Altsasutik. Nafarroako hiriburuan, milaka lagun zain zituzten "Hau ez da justizia" lelopean protesta jendetsua egiteko.

Milaka lagun Iruñeko Justizia Auzitegiaren aurrean, protestan. Argazkia: EFE
Milaka lagun Iruñeko Justizia Auzitegiaren aurrean, protestan.
Altsasuko 8 gazteentzat 'justizia eta proportzionaltasuna' eskatu dute Iruñean

1:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auziaren "injustizia" salatzeko, 150 txirrindulari atera dira gaur 09:30 aldera Altsasutik, 64 kilometro egin, eta 16:30 aldera Iruñean sartzeko. "Duintasunaren martxa" deitu diote ibilbideari eta behin hiriburuan, milaka lagunek -52.000 pertsonak antolatzaileen arabera eta 7.500ek Udaltzaingoaren arabera- harrera egin diete, euren protestarekin bat eginez.

Ondoren, bizikletak eskutan, zortzi gazteen argazkien eta justizia eskatzen zuten pankarten atzetik, elkarrekin joan dira Justizia Auzitegiaren aurrera, Altsasuko gazteen gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak antolatu duten elkarretaratzean parte hartzera. Helburua, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia bidegabea dela salatzeko eta zazpi espetxeratuak aske uztea eskatzeko.

17:00etan hasi da elkarretaratzea, "Hau ez da justizia" lelopean. Bilkurak hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen atxikimendua jaso du. Bertan izan dira, besteak beste, EH Bilduko, Geroa Baiko, Nafarroak Podemoseko zein ELA eta LABeko ordezkariak.

Javier Ollo, Altsasuko alkateak (Geroa Bai), kontzentrazioaren aurretik komunikabideen aurrean salatu duenez, "Auzitegi Gorenak ez du atzera bota auzi honetan egon den proportzionaltasun falta. Auzitegi Nazionalean du abiapuntua proportzionaltasun falta honek, kasua onartu ere ez baitzuen egin behar. Horregatik, beste behin, eta giza eskubide guztien defentsatik abiatuta, egon den proportzionaltasun falta salatu nahi dugu".

Gaurko ekitaldirako jarritako agertokian, Altsasukoak aske plataformako kideek Iruñeko Justizia Auzitegia zergatik aukeratu duten azaldu dute: "Hemen epaitu behar zuten auzi hau".

Plataformako kideen arabera, Gorenaren epaia "hiru urte iraun dituen muntaia baten azken kapitulua da". "Justizia eskatu dugu eta injustizia bakarrik lortu dugu, gezurrak entzuk ditugu eta egiak oihukatu ditugu, baina ezingo dute gure herria engainatu" adierazi du Aritz Leoz bozeramaileak.

Altsasuko Gurasoak taldeko bi gurasok hitz egin dute ondoren eta horiek ere "injustizia" salatu dute: "Auzitegi Nazionaletik hasi eta Gorenera arte". "Gure seme-alabek 2016ko urrian hasi zen ankerkerian iltzatuta jarraitzen dute, ezin dute amesgaiztotik atera, eta salatzen jarraitu beharra daukagu" esan dute. "Ez zela terrorismoa esan genuen, eta ez zen; ez zela diskriminazio ideologikoa esan genuen eta ez zen; injustizia itzela zela esan genuen eta gauza bera esaten jarraitzen dugu".

Antton Ramirez de Alda, Adur Ramirez de Aldaren aitak, itxaropenerako mezua ere eman nahi izan du: "Gogoratuko dugu intsumisioaren aldeko borrokan gizarteak irabazi zuela. Eta gure borrokan, azkenean, justizia eta askatasuna lortuko ditugu".

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak "Min hau" abestu du ondoren, eta gurasoen eskertza mezuekin amaitu da ekitaldia.

txirrindulariak irunea

Txirrindulariak Iruñera iritsi direnean. Argazkia: @Altsasugurasoak

Zigorrak

Joan den urriaren 9an jakinarazitako ebazpenean, Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta sei hilabetera arteko zigorrak ezarri zizkien zortzi auzipetuei, bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Altsasuko Koxka tabernan izan zuten liskarragatik. Gertakariak 2016ko urrian jazo ziren.

Gurasoek epaia "bidegabea eta neurrigabea" zelan salatu zuten orduan, eta ibilbide judizialean azkeneraino joango zirela baieztatu zuten, helegiteak Auzitegi Konstituzionalean eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian jarrita. Ildo horretan, Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amaka esan zuen ziur dagoela azkenean Europak agerian utziko duela Espainia, baina Estrasburgoko ebazpena iristen denerako berandu izango dela deitoratu du, "ordurako gure seme-alabek zigorra osorik beteta izango dutelako".   

Gaur, Euskadi Irratian elkarrizketatuta, Antton Ramirez de Aldak "ausardia" eskatu die PSNko politikariei "injustizia hau salatzeko".

Antton Ramirez de Alda: 'Maria Chiviteri ausardia eskatzen diogu'
Antton Ramirez de Alda: 'Maria Chiviteri ausardia eskatzen diogu'
Antton Ramirez de Alda: 'Maria Chiviteri ausardia eskatzen diogu'

play icon 5:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Altsasu Gazteak albisteak