Politika -
Udalen osaketa
Lehendakariak EAJri: 'Batzuek hamar urte egin nahi dute atzera'
Bilduk gobernua lortu duen udaletan elkarbizitzaren, krisiaren eta enpleguaren inguruko mezua baino, Sortu legeztatzearen eta presoen aldekoa eman izana kritikatu du Patxi Lopezek.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak, udalen osaketaren harira "batzuek hamar urte atzera egin nahi izatea" deitoratu du&' || 'nbsp; eta "joan den larunbatekoa ez dela argazkirik onena" azaldu du.
Larunbatean "nazionalisten fronte bat ikusi zen nazionalista ez garenak erakundeetatik at uzteko, eta hori agerian geratu zen Lasarten eta Trapagaranen", esan du lehendakariak.
"PSE kanporatzeko" EAJk Bildurekin ituna egin duela adierazi du lehendakariak SER irrati katean egindako elkarrizketa batean, eta "EAJren estrategia orokorra izan da", horren ustez, PSE-EE, PP eta EAJren arteko aliantza bat sortzeko igorritako deiei "muzin egin baitie".
PSE-EEk eta PPk hiru alderdien arteko itunak sortzeko deiak egin dizkiotela esan du Patxi Lopezek, baina EAJk "estrategia partikularra eta alderdikoia" nahiago izan duela salatu du, eta "ziurrenik indar nazionalistak batzeko jokoa egin du", erantsi du.
Bildu hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko aukera demokraziaren osasun onaren seinale zela ospatu genuen duela aste batzuk, baina orain "lortu duen boterea ikusita", erakundeetan berriro "zertarako dauden zalantza sortzen da", esan du, eta erakundeetan egoteak "ez du esan nahi euskal gizartearen alde egiteko gobernatuko dutenik", adierazi du.
Bilduk gobernua lortu duen udaletan elkarbizitzaren, krisiaren eta enpleguaren inguruko mezua eman beharrean, Sortu legeztatzearen eta presoen aldekoa eman izana kritikatu du Patxi Lopez lehendakariak, eta Bilduri "ibilbide demokratikoa falta zaio", gaineratu du.
Elorrioko Udala osatzeko prozesuan jazotakoa, berriz, "iraganerako itzulera nabaria da, bai han gertatu zenagatik, bai Bilduren erantzunagatik", Lopezen aburuz.
"Arrazoirik gabeko ekintzak"
Astelehen arratsaldean Donostiako Kursaal Jauregian izandako Ramon Rubial Fundazioaren sarien banaketan, zinegotziei egindako irainei egin die aipamena Patxi Lopezek. Honen esanetan, "ustez, ahaztuta geneukan jarrerak dira". "Ez dira aparteko gertakaririk, batzuk dioten bezala (Bildu aipatuz), baizik eta duda izpirik gabe errefusatu behar diren arrazoirik gabeko ekintzak", azpimarratu du lehendakariak.
Halaber, Ramon Rubial Fundazioak nabarmentzen duen "askatasunaren alde" zinegotziek egindako lana gailendu du. Patxi Lopezen iritzian, "isilpean egindako lana da eta ez da inoiz behar bezala aintzat hartua izan, Euskadin pairatutako eraso totalitarioen aurrean, demokrazia utziezina dela agerian utzi dutelako".