Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Urkulluk EAJ 'iraintzea' leporatu dio PSEri
Erabat gezurtatu du Bildurekin ituna zutela. Bestalde, EAJren presidenteari ez zaio gustatu bere alderdiak Lasarte-Orian Bilduren alkateari babesa eman izana.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak PSE-EEren "irainak" salatu ditu, jeltzaleen eta Bilduren artean udalak banatzeko ezkutuko ituna zutela esan zutelako.
Urkulluk Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, PSE-EEren hauteskundeetako emaitzak "disimulatzeko" estrategia bat izan da.
Buruzagi jeltzaleak gogorarazi du "larunbatekoa astelehenean ezarritako irizpide orokorra" zela, beraz, erabat gezurtatu du Bildu koalizioarekin akordioren bat zutela.
PSE-EEri zuzendu zaio eta esan dio ezin dela "euskal gizartearen ordezkaritza alde batera utzi behar. Azken 10 urteetako erakundeen argazkia benetakoa zela pentsatzen zuenak hanka sartu du".
Horren harira, hauteskundeek agerian utzi omen dute PPk eta PSE-EEk euskal gizartearen % 30 "soilik" ordezkatzen dutela. Hori horrela, hauteskundeak aurreratzeko eskaria berretsi du.
Lasarte-Oria
Urkulluk Lasarte-Oriako kasua izan du hizpide. Udal horretan EAJk Bilduren alkategaiari eman zion botoa, alderdiaren irizpidearen kontra, eta buruzagi jeltzaleak esna du ez zitzaiola gustatu osoko hartan gertatutakoa. Urkulluk esan du Lasarte-Oriakoa "apartekoa" bada ere, ezin dela "alderdiaren araua hautsi". EAJko zinegotzi lasartearren kontra har ditzaketen neurriei buruz galdetuta, gaur arratsaldean batzar nazionala dutela eta orduan ikusiko dutela erantzun du.