Politika -
'Proces' auzia
Ponsatiren aurkako euroagindua 'neurrigabea' dela ebatzi du Erresuma Batuak
Agintariek atzera bota dute Espainiak asteon emandako euroagindua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batuko agintariek “neurrigabe”tzat jote du Clara Ponsati kataluniar kontseilari ohia entregatzeko Espainiak asteon igorritako euroagindua, eta atzera bota du eskaera. Sedizio delitua egotzita epaitu nahi dute Espainian.
Euroaginduak izapidetzen dituen bulegoaren arabera (Barne Ministerioaren menpekoa), Espainiaren eskaera “abokatu espezializatu batek aztertu du, Delinkuentziaren aurkako Agentzia Nazionalaren izenean”, eta horrek ebatzi du euroagindua “neurrigabea” dela “Erresuma Batuko legeen arabera”.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, sedizio delitua “ordena publikoarekin lotutako delitua” delako iritzi diote neurrigabea euroaginduari.
Horren ildotik, Erresuma Batuak ez du oraingoz beste neurririk hartuko auzi honetan.
Hori bai: informazio gehiagorik lortuko balu, hori igortzea eskatu dute Erresuma Batuko agintariek, beste azterketa bat egiteko.
Atzo, Ponsatiren abokatuak iragarri zuen kontseilari kargugabetuak ostegun honetan entregatuko zuela bere burua Edinburgoko polizia-etxe batean. Alabaina, Eskoziako Justiziak Espainiaren eskaera atzera bota duela ikusita, halakorik ez duela egingo zehaztu du gaur.
“Euro-agindua atzera bota dute, Espainiari hainbat argibide emateko eskatuz. Horrenbestez, Clara Ponsati irakaslea ez da Edinburgoko polizia-etxera joango ostegun honetan eta hango auzitegian egin behar zuen agerraldia bertan behera geratu da”, azaldu du haren abokatuak komunikabide batean.
Ponsatiren aurkako bigarren euro-agindua
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren antolaketan parte hartu izan egotzita, Auzitegi Gorenak bi aldiz eskatu du jada Ponsati atxilotzea eta Espainiaratzea.
Lehendabiziko aldia 2018ko uztailean izan zen, baina azkenean Llarena epaileak atzera egitea erabaki zuen eta epaiketa baliogabetu egin zuten.
2017ko urriaren 30ean egin zuen ihes Ponsatik. Lehendabiziko hilabeteak Belgikan eman zituen, Carles Puigdemontekin batera, baina 2018ko Eskoziara joan zen. St Andrews Unibertsitatean irakaslea da.