Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pastor: 'Euskal gizartea engainatu du EAJk'
EAJk "Bildurekin ezkutuko ituna" zuela salatu du PSEko bozeramaileak. Gainera, PSEk Markel Olanoren inbestidura babestuko ez duela ziurtatu du Pastorrek.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailearen hitzetan, EAJk "euskal gizartea engainatu" zuen iragan hauteskundeetan. Jeltzaleek "Bildurekin ezkutuko itun bat zuten, nahiz eta kanpainan ukatu", adierazi du agintari sozialistak.
Radio Euskadiko ''Ganbara'' irratsaioan egindako elkarrizketan, itun hori "Trapagako (Bizkaia) eta Lasarteko (Gipuzkoa) udaletan argi" geratu dela esan du Pastorrek, izan ere, "babesa elkarri eman diote". Ordezkari sozialistaren ahotan, "EAJren estrategia PSEren botere instituzionalarekin amaitzea da".
Bestalde, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak "lehendakariarekin obsesio pertsonala" duela adierazi du Pastorrek. Hauteskudeak aurreratzea eskatu du Urkulluk berriro. Maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzak "ezin daitezke estrapolatu", ondorioz, "hurrengo hauteskundeei itxaron beharra" dagoela gogorarazi dio Urkulluri agintari sozialistak.
"Erakundeen ezegonkortasuna krisi garaian"
Gainera, "udal eta foru gobernu gehienek gutxiengoan gobernatuko" dutela adierazi du Pastorrek. "Erakundeen ezegonkortasuna EAJren erantzukizuna izango da", erantsi du. "Krisi ekonomikoa sakonean" gaudela gogorarazi du buruzagi sozialistak.
Azkenik, sozialistek Markel Olanoren inbestidura babestuko ez dutela ziurtatu du Pastorrek. "% 105ean PSEk ez dio Olanori" botoa emango Gipuzkoako Batzar Nagusietan, azaldu du.