Politika -

Katalunia

Terrorismoagatik espetxeratutako lau CDR-ren aurkako saioak errepikatuko dituzte gaur

Atzo Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zituen haien aurkako kartzelatze-aginduak, erabaki horiek hartu zituztenean ez zietelako defentsarako oinarrizko informaziorik eman inputatuei.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala.
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoa leporatuta kartzelatutako lau CDR-ren aurkako saioak errepikatuko ditu gaur, asteazkena, eguerdian Manuel Garcia Castellon epaileak. Izan ere, atzo Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zituen haien aurkako kartzelatze-aginduak, erabaki horiek emateko egin ziren saioetan inputatuei ez zietelako defentsarako oinarrizko informaziorik eman.

Zigor-arloko bigarren atalak hartutako erabaki horren berri izan zuenean, atxilotuta dauden CDRetako lau kideak (Guillem Xavier Duch, Eduardo Garzon, Xavier Buigas eta Alexis Codina) gaurko deitu zituen epaileak, Prozedura Kriminaleko Legearen 505. artikuluan aurreikusitako espetxe-neurrien inguruko saioa berriz egiteko. Dena dela, horrek ez du esan nahi inputatuak aske utzi behar direnik.

Espetxeratutako lau CDRetako defentsek aurkeztutako apelazio-errekurtsoetan egindako alegazioa onartu ostean erabaki du Auzitegi Nazionalak kartzelatze-aginduak bertan behera uztea. Zehazki, auzia sekretupean egonda ere, ez zietela atxiloketa horien arrazoiei buruzko informazio nahikorik eman salatu zuten abokatuek.

Konstituzio Auzitegiak berriki emandako epaietan ezarritako doktrinan oinarrituta eman die arrazoia Auzitegi Nazionalak. Horren arabera, sekretupean dauden auzietan ere, epaitegiak defentsa-eskubidea bermatzeko funtsezkoa den gutxieneko informazioa eman behar du, "hala badagokio, sekretuarekin uztartuz".

Zigor-arloko bigarren ataleko epaileek ez dute aztertu inputatuak behin-behineko espetxera bidaltzeko arrazoirik dagoen edo ez, baina, defentsa-eskubidearen balizko urraketa baten aurrean, eginkizunak atxilotu ondoren epailearen esku jarri zituzten unera atzeratu behar direla uste dute.

Horrela, atxilotuta eduki dezaketen epea epailearen esku berriro jartzen dituzten unean hasiko da berriro.

Eguerdian egingo dituzten saioetan, inputatuak aske uztea bidezkoa den ala, aitzitik, legez aurreikusitako prozedurari jarraituz, behin-behineko espetxealdia mantendu behar den erabaki beharko du instrukzio-epaileak. Kartzelara bidaltzen baditu, auto berriak eman beharko ditu.

Lau helegite horien inguruan baino ez du iritzia eman zigor-arloko bigarren atalak, eta, beraz, irailaren 23an atxilotu ostean espetxeratutako beste hiru CDR-renak (Ferran Solis, Jordi Ros eta Germinal Tomas Abueso) ebazteko daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean