Politika -
Auzitegi Nazionala
Epaileak lau CDRak espetxeratzeko agindua berretsi du
Miguel Angel Carballo fiskal ordeak berriro eskatu du terrorismo delituengatik espetxeratzea.
agencias | redacción
Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak berretsi egin du lau CDRak behin behinean espetxeratzeko agindua, atzo neurria bertan behera geratu ostean. Lehenengo espetxeratzeko agindua eman zuteneko saioan defentsak oinarrizko informaziorik ez zuelako jaso bota zuten atzera agindua.
Defentsako iturrietatik jakinarazi dutenez, magistratuak errepikatu egin ditu gaur Guillem Xavier Duchen, Eduardo garzonen, Xavier Buigasen eta Alexis Codinaren aurkako saioak.
Saio horietan, Miguel Angel Carballo fiskal ordeak berriro eskatu du terrorismo delituengatik espetxeratzea, baina lehenengo aldian baino xehetasun gehiago eman ditu.
Kazetariak inputatu dituzte filtrazioengatik
Juan Carlos Peinado Madrilgo 41. Instrukzio Auzitegiko epaileak gutxienez 12 kazetari inputatu ditu CDRen aurkako operaziotik filtratutako informazioa argitaratzeagatik, iturri juridikoetatik baieztatu dutenez.
Kazetariek dagoeneko jaso dituzte ikerketaren jakinarazpenak.
CDRen defentsek sekretupean zegoen sumarioaren "filtrazio masiboa" ikertzeko eskatu zuten, eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa Castilla Plazako auzitegiaren esku uzteko proposamena egin zuen.
Fiskaltzaren arabera, sekretuak azaleratze delitua egon daiteke salaketaren atzean, eta Auzitegi Nazionalak ez du horiek epaitzeko eskumenik, eta Castilla Plazako instrukzio auzitegiak ikertu beharko luke.
CDRen defentsek argitu nahi dute ea filtrazioak Guardia Zibilak edo Fiskaltzak egin zituen. Izan ere, haiek ia informaziorik ez zuten bitartean, hedabideek xehetasunak eman zituzten, miaketen bideoak tartean.