Politika -

Eztabaida, Legebiltzarrean

Legebiltzarrak Aurrekontu Egonkortasunaren Legea aldatzea eskatu du

Legea Euskadiko "errealitatera" egokitzea izango litzateke erreformaren xedea. Gainera, Legebiltzarrak Europar Batasunaren "muturreko politika zorrotzak" arbuiatzen dituela adierazi du Ganberak.

Artxiboko irudian, Legebiltzarra. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Legebiltzarra. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Legebiltzarra. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren Legea aldatzea eskatu dio ostegun honetan Espainiako Gobernuari. Ganberak aldaketa hori egitea eskatu du araua "malgutuz" eta Euskadiko "errealitatea" kontuan izanik, araua "eraginkortasunez" ezarri ahal izateko, "kontu publikoen jasangarritasuna bermatuta, eta egonkortasunaren arauak errespetatuta".

EH Bilduk debatea Legebiltzarrera eraman du. Hasiera batean, asmoa aipatutako legea indargabetzea zen, "EAEko errealitate sozioekonomikoari heltzeko alkandora hertsagarria" delakoan.

Koalizioak testu bat adostu du Elkarrekin Podemosekin. Testu horretan, lege hori aldatzea beharrezkoa zela adierazten zuten eta Eusko Jaurlaritzari beste bide-orri fiskal eta finantzario bat diseinatzea eta negoziatzea eskatzen zioten, Kontzertu Ekonomiaren aldebikotasunaren alorrean.

Nolanahi ere, Ganberak EAJk eta PSEk aurkeztutako testua onartu du, Elkarrekin Podemosen abstentzioari esker, eta EH Bilduren eta PPren kontrako botoak gorabehera. Testu horretan, Legebiltzarrak "Europar Batasunak hainbat urtez indarrean izandako muturreko politika zorrotzak" arbuiatzen ditu.

Ildo horretan, Ganberaren apustua da, "erantzukizun-hastapenetik abiatuta", beste europar politika bati heltzea, "modu orekatuagoan bi elementu hauek konbinazeko: defizit publikoaren kontrola eta enplegua sortzeko berrindartze ekonomikorako beharrezko neurriak".

Halaber, Legebiltzarrak eskaria egin dio Espainiako Gobernuari Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Legea aldatzeko. Legea modu eraginkorrean ezarri ahal izateko, legea "malgutzea" eskatu dute, "Euskadiko errealitatea" kontuan izanik eta "kontu publikoen jasangarritasuna bermatzearen eta egonkortasunaren arauak errespetatzearen bidez".

Taldeen iritziak

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak defendatu du beharrezkoa dela "orain" erantzutea, "politika ausarten bidez", baita "euskal errealitateari heltzeko eta gastuari eta inbertsio publikoari bultzada emateko beste bide-orri fiskal eta finantzario bat diseinatzea ere". Izan ere, "Estatuko Gobernuek ezartzen dituzte aurrera egitea galarazten duten balaztak". Ildo horretan, gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzan dauden alderdiek, alegia, EAJk eta PSEk, "betiko tokian geratzea" erabaki dutela eta "immobilismoaren aldeko apustua" egin dutela.

Pinedok azaldu duenez, EH Bilduk uste du "gehiagorako tartea dagoela, ezarritako testuinguruan ere", eta proposatzen du "benetako aldebikotasuna erabiltzea, ez postaleko bat": "Alkandora hertsagarria zabaltzea eskaini diegu, baina badirudi Madrilgo jostunaren lanak ez diela traba handirik egiten", salatu du.

EAJko Mikel Arruabarrenaren iritziz, EH Bilduren proposamen hau "errepikakorra" da, eta "aurrekontuen negoziazioa gertu dagoenean" aurkezten du beti. Gaitzetsi duenez, koalizioak "Jaurlaritzaren esku utzi du ardura: legea urratzea, ala, behintzat, existitzen ez diren elementuak erabiliz saihestea eskatuta".

Azaldu duenez, ez dago aukerarik EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen testuari babesa emateko, "bide-orri fiskal eta finantzario berria" negoziatzeko eskaria egiten baitu: "Legeak bete behar dira", azpimarratu du, eta aldeztu du egokiena "legea malgutzea" eskatzea dela, "hori baita egin daitekeena".

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Julen Bollainek babestu du garaia dela "alkandora hertsagarria eranzteko", eta "autogobernuaren baliabide politikoak herrialdeko gehiengoaren alde erabiltzeko".

Onartu egin du Aurrekontu Egonkortasunaren Legearen aldaketa ez dagoela Euskaditik gauzatzea; dena den, babestu du "garrantzitsua" dela adieraztea Legebiltzarra ez dagoela ados "bidezkoa ez den" lege horrekin, eta hori aldatzea beharrezkoa dela.

Susana Corcuera PSEko legebiltzarkideak azaldu duenez, EAJrekin batera aurkeztutako osoko zuzenketak proposatzen du Europar Batasunak zenbait urtez indarrean izandako "muturreko politika zorrotzak" arbuiatzea.

Ildo horretan, gogora ekarri du eztabaida hau "ez dela berria", eta berretsi du bere alderdiak beti jo dituela neurri horiek "muturrekotzat eta bidegabetzat". Hala ere, esan duenez, "legea indargabetuz, ez dugu ezer egingo". Beraz, araua aldatzea proposatu du, izan ere, uste du "kontuetan zorroztasuna izatea bideragarria dela jarduera ekonomikoa sustatzeko eta ongizatearen estatuari eusteko neurriak hartzearekin".

Anton Damborenea PPko legebiltzarkidearen esanetan, eztabaida hau "demagogia finantzario eta fiskala" da. Haren iritziz, "harrigarria" da EAJren eta PSEren jarrera; izan ere, nabarmendu du bi alderdi horiek "ahaztu egiten" dutela "Zapatero presidente sozialistak eraman zuela, EAJren babesarekin, itun fiskala Europara".

PPren ustez, EAJren eta PSEren taldeek, alde batetik, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, bestetik, "ia gauza bera aurkezten dute, baina bakoitzak bere aldetik bozkatzen du". "Zein da Jaurlaritzaren politika fiskala?, baldin eta baten bat badu", galdetu du. Esan ere esan du EAJk bere egin duela Podemosen diskurtsoa. Ildo horretan, gogorarazi du PPk proposatzen duela "familien eskaria handitzearen alde egitea, PFEZaren hobekuntza fiskal baten bidez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Murrizketak albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Estatuko Aurrekontu Orokorrak 2024 Aurrekontu Publikoak 2024