Politika -
EAJko buruari elkarrizketa
Urkullu, Rajoyrekin hauteskundeez eta erreformez hitz egiteko prest
Bilduk udaletxe batzuetara eskoltak sartzea eragotzi ostean, EAJko EBBko presidenteak arduraz jokatzeko eskatu die EAri eta Alternatibari, erabakiak "adostasunez" har ditzaten.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea Mariano Rajoy PPko buruzagiarekin datozen hauteskunde orokorren eta "gauza gehiagoren gainean" hitz egiteko prest agertu da. Edozein kasutan, buruzagi jeltzaleak uste du hauteskunde orokorrak ez direla aurreratu behar ekonomia krisiari aurre egiteko aldaketa estrukturalak landu arte.
TVEri emandako elkarrizketa batean, Urkulluk azpimarratu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen esku dagoela hauteskunde orokorrak noiz egin erabakitzea.
"Agian hauteskunde orokorrak erreforma proposamenik gabe aurreratzea, Espainiako estatuak beste instantzia batzuekin denbora galtzea izan daiteke bai Europako instituzio politiko-administratiboekin edota baita finantza arlokoekin ere. Izan ere, edozein delarik ere Espainiako gobernuan dagoena, erreformak bultzatu beharko ditu" esan du EAJko EBBko presidenteak.
Gai horren gainean "oraindik" Mariano Rajoy PPko presidentearekin ez duela hitz egin azpimarratu ostean, berarekin horren eta "gauza gehiagoren gainean" hitz egiteko prest dagoela esan du Urkulluk.
Urkulluk eta Rajoyk izan zuten azken elkarrizketa maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean izan zen, Espainian popularrek "garaitu" ondoren. "Zoriondu egin nuen, kortesia politikoz, eta hortik aurrera hilabete batzuk lehenagotik irekita geneukan elkarrizketa bidea zabaldu genuen", gaineratu du buruzagi jeltzaleak.
Eskaria EAri eta Alternatibari
Iñigo Urkullu EBBko presidenteak era berean, ardura eskatu die Eusko Alkartasunari eta Alternatibari Bilduk udal batzuetan bizkartzainak sartzen ez uzteko hartutako erabakia "adostua" izan dadin. Bizi den "distentsioan" sartzen diren iniziatibak direla uste duen arren, beharrezkotzat jo du mehatxupean bizi direnen iritzia ere kontuan izatea.
"Hobe izango litzateke neurri horiek adostasunez aurrera eramatea". Hori dela eta, Bildu osatzen duten formazio "legalei", EAri eta Alternatibari, ezkerreko koalizio sobaranistaren barruan "adostasunekin jokatzeko erabakiaren arduradun" izan daitezela eskatu die urkulluk.