Politika -
ETA
Zapatero: 'Otegi politikari erabakigarria izan zen indarkeriaren amaieran'
Espainiako gobernuburu ohiaren ahotan, ETAk "armak lagatzen zituenean joko demokratikoan" sartuko zirela alderdi "guztiek" zioten, eta hori izan zen "agindutakoa".
Agentzia | Erredakzioa
ETAren amaiera lortzeko orduan, "indarkeriaren bukaera ikusi ahal izateko", Arnaldo Otegi EH Bilduko politikariak egindako ekarpena "erabakigarria" izan zela esan du ostiral honetan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak. Aldi berean, ETAk armak uzten zituenean joko parlamentarioan parte hartzeko aukera izango zutela "hitzeman" zietela azaldu du Zapaterok.
"Hori horrela da, politikari erabakigarria izan zela gertakari objektiboa da", adierazi du elkarrizketa batean, Antena 3 telebistan.
Zapateroren hitzetan, ETAk "armak lagatzen zituenean joko demokratikoan" sartuko zirela alderdi "guztiek" zioten, eta hori izan zen "agindutakoa". "Demokraziarentzako faltsua eta kaltegarria da kontrakoa esatea, hori esan genuen eta pentsatzen dugu", erantsi du gobernuburu ohiak, EH Bildurenganako alderdien jarrera kritikatzeko.
"Ez dute onartzen, PSOEren meritua dela pentsatzen dutelako, baina pistolekin hiltzen egon beharrean erakundeetan ikustearekin oso pozik gaude guztiak", gaineratu duenez. "Hori da errealitatea", azpimarratu du.
2018an Otegirekin izandako bileraz galdetu diotenean, "ETAren sorreraz eta ibilbideaz" hitz egin zutela erantzun du presidente ohi sozialistak.
Otegiri "oraindik egiteko ibilbide garrantzitsu bat" zutela esan ziola azaldu du Zapaterok, "errua onartu" eta "biktimen atsekabetik askoz hurbilago" egon.
Gobernuburu ohiaren ahotan, "terrorismoaren amaiera prozesua printzipio eta ideal demokratikoen garaipena da". Azkenik, Otegirekin berriz biltzea ez du baztertu: "segur aski berriro hitz egingo dugu, elkarrizketa ona da".