Politika -

Sahara

Legebiltzarkideen taldea Saharara joan da, atentatu alerta dagoen arren

Aaiunera doaz, eta asteartean bueltatzea aurreikusten dute. Loiutik ostiralean irten ziren 90 euskal borondatezko lankideak Tindufen daude jada, eta Nafarroako beste 60 bidean dira.

Tindufeko kanpamentuak, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Tindufeko kanpamentuak, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Tindufeko kanpamentuak, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau legebiltzarkidek osatutako 'Saharar Herriarentzat Bakea eta Askatasuna' izeneko taldeak larunbat arratsaldean eman dio hasiera Saharara egitekoa zuen bidaiari; hain zuzen ere, Aaiunera doaz, nahiz eta Espainiako jarduneko Gobernuak, ostegunean, alerta deitu zuen, Mendebaldeko Saharan berehalako atentatua egoteko arriskuaren berri emanez. EAJko Eva Juez, EH Bilduko Josu Estarrona, Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinez eta PPko Carmelo Barrio daude talde horretan.

Halaber, Nafarroako 60 bat borondatezko lankideko talde bat ere Saharara doa, Tindufera (Aljeria), Espainiako Gobernuak alerta leku hartan kokatu badu ere. Tindufen beste 90 euskal borondatezko lankide ere daude jada; ostiral gauean abiatu ziren Loiuko aireportutik, eta gorabeherarik gabe iritsi dira saharar kanpamentuetara.

Legebiltzarkideen asmoa Aaiunen abenduaren 3ra arte egotea da, hau da, asteartean bueltatzea Euskadira. Bidaiaren xedea bikoitza da: alde batetik, Nassa Elhaladi ekintzaile eta kazetariari laguntzea; bestetik, giza eskubideen alde lan egiten duten erakunde batzuekin batzarrak egitea. Nolanahi ere, Fronte Polisarioaren Euskadiko ordezkaritzaren iturriek adierazi dute Maroko taldearen lana oztopatzen saiatuko dela.

Fronte Polisarioak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak alerta gaitzetsi dute

Fronte Polisarioak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak, bitartean, Espainiako Gobernuak emandako alerta gaitzetsi dute. Jakinarazi dutenez, euren iritziz, Maroko egon liteke horren atzean. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak zabaldu du "harrigarria eta susmatzeko modukoa" dela alerta zabaldu den unea; hain zuzen, Marokoko Atzerriko Arazoetarako ministro Nasser Bouritak Madrilen Pedro Sanchez espainiar presidenteari bisita egin eta berehala. Fronte Polisarioak, bere aldetik, adierazi du ez dagoela inolako nobedaderik Tindufeko kanpamentuetan.

Tindufera larunbat eguerdian iritsitako 90 euskal borondatezko lankideetako batzuek Saharako umeak hartzen dituzte udan, eta adingabeekin egun batzuk igarotzeko asmoz joan dira kanpamentuetara. Halaber, Saharara hainbat proiektutan lan egiteko asmotan ere joan dira beste ekintzaile batzuk.

Horiek guztiek euren bidaia asmoekin aurrera jarraitu duten arren, Espainiako Defentsa Ministerioak deitutako alertak  Elorrioko Institutuko eta Debako Gaztelekuko 64 ikasle gaztek Saharara egitekoa zuten bidaia atzeratzea eragin du. Hala erabaki zuten gazteen senideek, ostiralean, Gobernu espainiarraren ohartarazpena publiko egin ostean.

Defentsa Ministerio espainiarrak ziurtatu du informazio oso zehatza duela atentatuak egoteko mehatxuarekin lotuta. Informazio hori "atzerriko inteligentzia zerbitzu batzuek" emandakoa dela zehaztu dute, eta hortaz, tartean ez dagoela "inolako asmo politikorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara azken ordukoa Maroko azken ordukoa