Politika -
Estatutu berria
EH Bilduk dio bere proposamena dela Lantaldean adostutakoa errespetatzen duen bakarra
Iñigo Urrutiak kritikatu du EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk ez dutela Autogobernu Lantaldean adostutakoa errespetatu testu artikulatua egiterako garaian.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urrutiak, EH Bilduk estatutu berria idazteko aukeratutako adituak, esan du bere proposamena dela Autogobernu Lantaldean adostutako oinarriak errespetatzen dituen bakarra.
Legelariak kritikatu du EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk ez dutela Autogobernu Lantaldean adostutakoa errespetatu testu artikulatua egiterako garaian, eta, gainera, oinarriekin "kontraesankorrak" diren gauzak sartu dituztela.
Agindua oinarriak errespetatuko zituen testu juridiko bat idaztea zela berretsi du, eta gero alderdien lana izango zela legearen barruan sartzeko bidea aztertzea.
Urrutiak azaldu duenez, hiru alderdiek adostutako testuaren eta EH Bildurenaren arteko desberdintasun handienetako bat subjektu politikoan dago, lehenengoek erkidego bezala definitzen dutelako, eta koalizio abertzaleak Estatuarekin "berdinen arteko" harremana duen Euskal Estatu Erkidego gisa.
Era berean, Urrutiak gogorarazi du jeltzale, sozialista eta Podemosen testuak ez diola "euskal nazionalitateari" erreferentzia egiten, lantaldean adostu zen arren. Bere ustez, EAJk adostasun zabalagoa bilatu du beste alderdi batzuekin, EH Bildurekin "aurretik zituen adostasunen kaltetan".
Ez dadila ezerezean geratu
Estatus politiko berrirako egindako testua Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean ez galtzea espero du EH Bilduk.
Horixe iragarri du Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Urrutia bera eta Unai Urruzuno legebiltzarkidea aldamenean zituela.
"Ikusiko dugu zer gertatzen den eta zein pauso eman behar den", azaldu du bozeramaileak. Bestalde, Urruzunok akordioa aldatzea eta Legebiltzarraren agindua ez betetzea leporatu dio EAJri, eta Ortuzarri galdetu dio "ea non geratzen den erabakitzeko eskubidea, Estatuarekin berdinen arteko harremana, eta kontsulta loteslea".