Itxi

Politika

2020ko aurrekontua

Podemosek, Equok eta Jaurlaritzak aurrekontuak onartzeko akordioa itxi dute

Agentzia | Erredakzioa

Nahiz eta akordioaren sinadura astelehen honetan ez izan, Podemoseko kideek haren berri emango dute 10:30ean prentsaurrekoan, Gasteizen.

1:14
Jaurlaritzako eta Podemoseko ordezkariak bilera baten atarian. Artxiboko argazkia: EFE

2020ko aurrekontuak onartzeko akordioa itxi dute Podemosek, Equok eta Eusko Jaurlaritzak. Horrela, datozen bi urteetan 200 milioi euro baino gehiagoren helburua zein izango den erabaki ahal izango du koalizio moreak. Ituneko edukiaren berri ofizialki astelehen honetan emango dute.

Nahiz eta akordioaren sinadura astelehen honetan ez izan, Podemoseko kideek, Lander Martinez buru dutela, horren berri emango dute prentsaurrekoan, Gasteizen, Ogasun eta Ekonomia Saileko iturriek zehaztu dutenez.

Agerraldiaren ostean, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua akordioaren inguruan mintzatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen.

Horrela, Lander Martinezek, Cristina Macazagak, Joserra Becerrak eta Rosa Martinezek "aurrekontuei buruzko akordioaren berri" emango dute Eusko Legebiltzarrean, 10:30ean.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak ordubete geroago egingo du agerraldia, "aurrekontu akordioa azaltzeko".

Akordioa dela eta, 2020an Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta % 4 igoko dute. Neurriak 16 milioi euroko kostua izango du. Negoziazioen hasieran, koalizio moreak % 8 igotzea proposatu zuen, baina azkenean adostutakoa aurrekontuen proiektuan jasotakoaren bikoitza da.

Podemosek erabakiko dituen 200 milioi euro horietatik 59 milioi hezkuntza publikora, berdintasunera, larrialdi klimatikora, enpresen errotzera eta ludopatiaren prebentziora bideratuko dituzte.

Nahiz eta EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu, akordioari esker Eusko Jaurlaritzak aurrera aterako ditu 2020ko aurrekontuak. Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideek ez dute akordioa babestuko; Podemos eta Equo taldeetakoek, ostera, bai.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena