Politika -
Jaurlaritza-Podemos akordioa
Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduren eta PPren osoko zuzenketak
Hori horrela, 2020rako aurrekontuen proiektua izapidetzen jarraitu, eta abenduaren 27an behin betiko onartuko du Ganberak.
Agentziak | erredakzioa
Aurreikusita zegoen bezala, Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduk eta PPk 2020ko aurrekontu proiektuaren kontra aurkeztutako osoko zuzenketak. Hala, proiektua izapidetzen jarraituko du Ganberak.
Eusko Jaurlaritzak Podemos Euskadi eta Equorekin izenpetutako akordioari errefusatu dituzte bi zuzenketok. Hori horrela, EAJk eta PSE-EEk proiektua Jaurlaritzari itzultzearen kontra bozkatu dute (37 boto), eta Elkarrekin Podemosen bederatzi legebiltzarkideek —Podemos eta Equorenak— zuri bozkatu dute. Koalizio morearen beste bi kideek, Ezker Anitzakoek, berriz, osoko zuzenketen alde egin dute.
Osoko zuzenketak errefusatuta, proiektuak bere bidea jarraituko du Legebiltzarrean. Datozen egunetan zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta abenduaren 27an, berriz, behin betiko onartuko dute proiektua.
El pacto con Elkarrekin Podemos supone un cambio de socio para el Gobierno Vasco, ya que en los dos primeros ejercicios de la legislatura fue el PP el que facilitó la aprobación de los presupuestos. El año pasado las negociaciones se centraron en EH Bildu aunque el acuerdo no fructificó y las cuentas se prorrogaron ante la minoría parlamentaria de PNV y PSE-EE.
Azpiazuk EH Bilduren eta PPren jarrera deitoratu du
Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak, Podemos Euskadik eta Equok 2020ko aurrekontuak onartzeko lortutako akordioak "berebiziko" garrantzia du euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta "egonkortasun politiko eta instituzionala" lortzeko. Hori horrela, deitoratu du EH Bilduk eta PPk "denen mesederako" diren aurrekontuen kontra egitea.
Azpiazu sailburua, gaur, Legebiltzarrean. Argazkia: @PVasco_EuskoL
Azpiazuk ekin dio bilkurari, eta Podemos eta Equorekin izenpetutako akordioa defendatu du sailburuak. Hain justu, Podemos Euskadik negoziazioan zehar izandako jarrera eskertu du Azpiazuk. "Erabilgarritasun soziala aldaketa txiki baina garrantzitsuekin bateratu du, eta horri esker, "aldaketa sakonak" sartu dituzte proiektuan.
Sailburuaren hitzetan, akordioak "mugarria" ezarri du "politika egiteko moduan".
Taldeen adierazpenak
Iker Casanovak egin du EH Bilduren osoko zuzenketaren defentsa. Casanovak gogor kritikatu du Podemos, jasangarritasun energetikoan eta diru-sarrerak bermatzeko errentan "murrizketak" babestearren. "Akordio txarra sinatu du EAJrekin: aurrekontuak babestu ditu 100 milioiren truke eta EAJri lotuta geratuko da", salatu du.
Casanovaren hitzetan, "txarrena da Podemosek bere jarrera aldaketa justifikatzeko EAJ zuritzen ari dela, jeltzaleen ustezko norabide aldaketa ekologista, feminista eta soziala argudiatzen. Guk ez dugu marketingarekin eta murrizketekin lan egiten.Benetako konpromisoak nahi ditugu, ez hitz hutsalak ", azpimarratu du.
Anton Damboreneak (PP), berriz, Eusko Jaurlaritza hartu du jomuga, "Madrilen egindako akordioak" Podemosekin adostearren. Danborenearen ustez, AHTa zein EiTBren aurrekontuak igotzeari eta zergak edo gastu arrunta handitzeari muzin egin dio Jaurlaritzak.
Gizarte laguntzei dagokienez, are gogorrago mintzatu da Damborenea: "Aurrekontu hauekin errentagarriagoa izango da diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzea eta beltzean lan egitea: 2.000 bat euro kobratuko dituzte. Ezkutuko ekonomia sustatzen ari dira". Etorkinen titulu akademiko eta formazioa ere hartu ditu hizpide PPko legebiltzarkideak, ironia erabilita. Adierazpenok xenofobotzat jo dituzte EAJren eta PSE-EEren bozeramaileek.
PPko legebiltzarkideari erantzunez, Mikel Arruabarrenak (EAJ) "Cayetano Alvarez de Toledo" deitu dio eta "gezurrak harropuzkeriaz" esatea egotzi dio. EH Bilduri zuzenduta, "etorkizunean" eurekin akordioak lortzeko prest azaldu da buruzagi jeltzalea.
Bestalde, Susana Corcuerak (PSE-EE) PP kritikatu du, "Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioaren malkoetan plisti-plasta ibiltzeagatik". EH Bilduri leporatu dio "denean arrazoia emanez" gero bakarrik dela posible berarekin akordioa.
Azkenik, Julen Bollainek (Podemos Euskadi) aitortu du aurrekontuak ez direla Elkarrekin Podemosenak, baina herritar askoren beharrizanei erantzuten dietela. Jon Hernandezek (Ezker Anitza) aparteko hitzaldi batean esaldi bakarrean laburbildu du aurrekontu-akordioaren kontrako euren jarrera: "Jaurlaritzaren jarrera ez da aldatu, ezta gurea ere".
ELA eta LAB, aurrekontuen aurka
Mikel Lakuntza ELAren buruak eta Garbiñe Aranburu LABekoak errefusatu egin dituzte Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostutako aurrekontuak. Azken horri esan diote "EAJren besoetara jauzi" egin duela, eta aurrekontuek urtarrilaren 30eko greba orokorrerako "arrazoi gehiago ematen dituela.
"Albiste txarra da ezkertiarrotako batzuk gu bazterrean utzi izana", kritikatu du ELAren idazkari nagusiak, Elkarrekin Podemos osatzen duten Podemosi eta Equori erreferentzia eginez.
Lakuntzaren arabera, aurrekontuek ez dute aldaketarik duela bi urte Jaurlaritzak eta PPk adostutakoen aldean. "% 0,7a bakarrik aldatu da. Hori da Podemosen ekarpena", azpimarratu du.
Bestalde, Aranburuk ohartarazi du Jaurlaritzak "parean" izango duela LAB, eta aurrekontuek "grebarako indar handiagoa" emango diela. 1.080 euroko pentsioak eta 1.200 euroko gutxieneko soldatak eskatuko dituzte, besteak beste, greba orokorrean, Aranburuk "oldarraldi" deitu dion protesta ekitaldian.