Politika -

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bi departamentu kenduko dituela iragarri du Jose Luis Bilbaok

Bizkaiko ahaldun nagusigaia Bilduri ere zuzendu zaio. "Beste behin herritarrei hutsik ez egiteko" eta bakearen alde egin duten apustua "behin betikoa" izan dadila exijitu dio koalizioari.

Jose Luis Bilbao, Gernikako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Argazkia: EITB
Jose Luis Bilbao, Gernikako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Argazkia: EITB
Herstura ekonomikoa babesteko aldaketak iragarri ditu Bilbaok

04:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusigaiak Gernikako Batzar Etxean egin duen agerraldian iragarri duenez, ekonomia legegintzaldiaren bigarren zatian hasiko hobera egiten, eta bitartean herstura ekonomikoa babestu behar dela esan du.

Hori dela eta, ondoko neurriak hartuko ditu, beste batzuen artean: bi departamentu kenduko ditu, zuzendaritzak murriztuko ditu, diputazioaren menpeko enpresetan 25 kargu kendu eta langileak izoztuko ditu.

Zerga-sistemari dagokionez, Jose Luis Bilbaok adierazi du ez direla zergak igo behar, helburua Bizkaiaren ahalmen ekonomikoa handitzea izen behar dela azpimarratu du, eta horretarako enpleguari lotutako sei konpromiso azaldu ditu.

Bestalde, agerraldiaren hasiera Bilduri zuzentzeko erabili du. "Beste behin herritarrei hutsik ez egiteko" eta bakearen alde egin duten apustua "behin betikoa" izateko exjitu dio koalizioari. "Garai berri bat posible dela konbentzitu behar gaituzte", erantsi du.

Bilbaoren iritziz, maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduk emaitza oso onak izan zituen eta "arrakasta horrek zilegitasuna ematen die ETAri behin betiko amaitzea exijitzeko, 50 urteko indarkeria terroristari amaiera ematea exijitzeko".

Horiek horrela, bakea "guztien artean" lortzeko itxaropena agertu du. "Espero dut Foru Jauregiko balkoian ''Bakea behar dugu'' dioen pankarta laster kendu ahal izatea", gaineratu du.

Elkarlana guztiekin

Bizkaiko ganberan gehiengo absolutua inork ez duenez, Jose Luis Bilbaok esan du "elkarrizketak iraunkorra" izan behar duela eta eskua talde guztiei, "salbuespenik gabe", luzatuko diela.

Gainerako erakundeekin eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzarekin, elkarlanean aritzeko asmoa iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea