Politika -
Koalizio gobernua
Unidas Podemosek presidenteordetza bat eta lau ministerio izango ditu
Iglesias Gizarte Gaietarako presidenteorde izango da, eta Montero, Berdintasun ministro. Garzonek beste sail bat zuzenduko du. Lan eta Unibertsitate sailak ere Unidas Podemosentzat izango dira.
EFE
Unidas Podemosek presidenteordetza bat eta lau ministerio izango ditu azkenean PSOErekin eratuko duen koalizio gobernuan, negoziazioaren gertuko iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Espainiako Gobernu berriak hiru presidenteordetza izango ditu: Pablo Iglesiasek Gizarte Gaietarakoa zuzenduko du; Nadia Calviñok, orain arte Ekonomia ministro izan denak, presidenteorde izaera izango du arlo berean; Carmen Calvok presidenteorde politiko karguari eutsiko dio.
Ministerioei dagokienez, koalizio moreak lau hartuko ditu bere gain, betiere iturrion arabera. Irene Monterok Berdintasun Ministerioaren ardura hartuko du; Lan Ministerioa Yolanda Diaz buruzagi galiziarraren esku geratuko da. Unibertsitate Sailerako, Rosa Lluch En Comu Podemeko kidea deituko ei dute. Erdi Aroko Historiako irakasle eta Ernest Lluch ministro ohi sozialistaren alaba dena aipatzen da gehien kinieletan kargu horretarako.
Ziurtzat eman da Alberto Garzon IUko buruzagiak ministerio bat zuzenduko duela, baina ez dute aurreratu zein izango den.
Koalizio gobernurako akordioa sinatu zenean Garzonek berak Twitterren iragarri zuenez, "familia langileen bizi baldintzak hobetzeko" erronka zuen aurretik.
Bestalde, baztertuta ei dago Gizarte Segurantza, pentsioak eta Etxebizitza arloak Unidas Podemosen esku geratzea.
Despopulatzearen kontra borrokatzeko Ministerioa
Pedro Sanchez buruzagi sozialistak hauteskunde kanpainan aurreratu zuen despopulatzearen kontra borrokatzeko ministerio bat sortuko zuela, eta Unidas Podemosekin adostutako programan ere erronkari heltzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
Hain justu, horixe izan liteke Unidas Podemosen esku gera litekeen laugarren ministerioa, baina Isaura Leal Erronka Demografikoaren aurreko Espainiako Gobernuaren ordezkari izandako eta PSOEko zuzendaritzako kidea ere aipatu dute.
Jarraituko duten ministro sozialistak
Calviñok eta Calvok gobernuan jarraituko dutela ziurtzat eman den moduan, zalantza handirik ez dago beste ministro sozialista batzuek karguari eutsiko diotela. Hala nola, Jose Luis Abalos (Sustapen Ministerioa), Maria Jesus Montero (Ogasuna), Fernando Grande-Marlaska (Barne Ministerioa), Teresa Ribera (Trantsizio Ekologikoa) eta Margarita Robles (Defentsa Ministerioa).
Ez dago argi Dolores Delgadok Justizia Ministerioa zuzentzen jarraituko duen ala ez.