Politika -

Inbestidura

ERCren kontseilu nazionalak Sanchezen inbestiduran abstentzioa ematea erabaki du

Horixe erabaki du "gehiengo zabalak", ERCk eta PSOEk egindako akordioa oinarri hartuta.

Aragones eta Rufian. Argazkia: EFE
Aragones eta Rufian. Argazkia: EFE
Sanchezen inbestiduran abstentzioa ematea erabaki du ERCk

2:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCk bide emango dio Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidurari, kontseilu nazionalaren "gehiengo zabalak" (% 96,5, 196 aldeko boto, lau zuri eta hiru ezezko) ontzat eman duelako alderdiak PSOErekin egindako akordioa, eta abstentzioa emateko nahikoa dela iritzi diolako.

Pere Aragones ERCren koordinatzaile nazionalak eman du erabakiaren berri, kontseilu nazionalaren bilera amaitu ostean, Bartzelonan emandako prentsaurrekoan.

Generalitatearen presidenteordeak akordioaren onurak azpimarratu ditu. Tartean, hamabost eguneko epean gobernuen arteko negoziazio mahaia eratzea, eta hor hartutako erabakien kontsulta egitea herritarren artean.

"Merezi du bidea hastea. Kataluniaren independentzia nahi dugunon ikurra da elkarrizketa eta negoziazioa", goraipatu du Aragonesek.

"Gatazka politiko baten aurrean gaude, ez gaude erkidegoaren eskumen arazo baten aurrean, gatazka politiko sakona da", adierazi du Aragonesek, eta akordioan PSOEk ere horixe onartu izana txalotu du.

Aragonesek esan du "zaila" izango dela irekiko den aroa, eta "negoziazio gaitasunaren araberakoak" izango direla mahaian egingo dituzten akordioak.

"Ez gara inozoak. Ez dugu magia salduko, badakigu zaila izango dela. Badakigu hitz egiteko edo politika egiteko aukera honek agian ez digula nahi dugun guztia lortzen utziko, baina irmotasun osoz ekingo diogu", azaldu du.

Aragones gustura agertu da PSOErekin lotutako akordioak gobernuen arteko "aldebitasuna" aitortzen duelako, eta ez delako ERC izango Kataluniaren izenean negoziatuko duena, bertako erakundeak baizik".

Akordioaren arabera, bakoitzak "askatasun osoz" eraman ahal izango ditu mahaira aldarrikapenak, eta Aragonesek berretsi du "independentziari buruzko erreferenduma, sakabanaketaren amaiera eta herritarren eskubideen aitormena" jarriko dituztela mahai gainean.

"ERCk 88 urteko historia du, eta herriaren zerbitzura jarriko dugu historia hori, ikuspegi alderdikoirik gabe. ERCn badakigu arriskatzen ari garela akordio honekin. Baina politika egiteko bideak irekitzeak merezi du. Arriskatzeak merezi du herrialde osoarentzat onuragarria izango dena lortzeko", adierazi du kontseilu nazionalaren bileraren ostean.

ERCren kontseilu nazionala alderdiaren kongresu arteko organo gorena da, eta exekutiba osoaz gain, alkate nagusiak eta diputatuak daude, besteak beste.

Aste honetan bertan, ERCk "bide politikoa eta demokratikoa" abian jartzeko "aukera" aprobetxatzeko deia egin zuen, Estatuko Abokatutzak Oriol Junqueras espetxetik ateratzea eskatu ostean.

PRCk ‘ez’ eta NCk ‘bai’ bozkatzea erabaki dute

PRCko zuzendaritzak aho batez onartu du Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatzea, PSOEk eta ERCk lortutako hitzarmenaren edukia ezagutu ostean.

Erabaki hori hartzeko arrazoi "anitzen" artean, alderdi erregionalistak uste du "onartezina" dela akordioaren edukian Konstituzioari aipamen bakar bat ere ez egitea.

Nueva Canariasek, ordea, Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzea erabaki du, PSOEk eta Podemosek sinatu duten akordioan "aurrerabideko itunak NAN bera" duelako.

Roman Rodriguez NCko presidenteak azpimarratu duenez, oraingoan Pedro Quevedo Kongresuko diputatu bakarraren botoa "ez zen erabakigarria", baina pozik agertu da PSOEko Adriana Lastra diputatuarekin egindako akordioarekin.

Inbestidura eztabaida larunbat honetan hasiko da ofizialki

Pedro Sanchez Gobernuko presidente izendatzeko eztabaida larunbatean, urtarrilaren 4an, hasiko da, 9:00etan, Kongresuan, Parlamentuko iturriek jakitera eman dutenez.

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak asteartean iragarri zuen eztabaidaren data, eta hasiera ordua, ERCko Consell Nazionalak Sanchezen inbestidura erraztuko duela baieztatu duenean jakinarazi du.

Saioa hautagai sozialistaren hitzaldiarekin hasiko da, eta hark, denbora mugarik gabe, Unidas Podemosekin koalizioa egiteko programaren ildo nagusiak azalduko ditu.

Ordu eta erdiko edo bi orduko atsedenaldiaren ostean, Pablo Casado PPko presidentearen eta alderdietako buruzagien txanda izango da berriro, eserleku kopuru handienetik txikienera, PSOErekin amaituz.

Inbestidura lortu ezean, horretarako, Sanchezek gehiengo osoa behar du, bigarren bozketa bat egingo dute asteartean, hilak 7.

Torraren eta Aragonesen arteko bilera

JxCatek, baina, gogor salatu du ERCk PSOErekin itxitako akordioa. Quim Torra Generalitatearen presidenteak Pere Aragones Kataluniako Gobernuaren presidenteorde eta ERCren koordinatzaile nazionalarekin hitz egin zuen, eta gogorarazi zion alderdi-akordio batek ez duela zertan izan loteslea Kataluniako Gobernuarentzat.

Hain justu, Torra presidentea eta Aragones presidenteordea gaur goizean bildu dira (10:00ak aldera) egoerari heltzeko. Batzarraren ondotik Generalitateko Presidentetzako iturriek jakinarazi dutenez, Torrak azalpenak eskatu dizkio Aragonesi eta esan dio "Kataluniako Gobernua kontuan hartu gabe ezin dela Espainiako Gobernuarekin negoziatu". Hori horrela, ERCk PSOErekin adostutakoak "Kataluniako Gobernuaren oniritzirik ez" duela azpimarratu du. 

Bestalde, Aragonesek Torrari eskatu dio ERCk eta JxCatek, biek elkarrekin, autodeterminazio eskubidea defendatzeko PSOErekin adostu duen negoziazio mahaian.

EH Bilduk gaur eta bihar erabakiko du bere jarrera

Bitartean, EH Bilduk gaur eta bihar galdetuko die bere militanteei Mahai Politikoaren proposamena berresten ote duten, hau da, Sanchezek inbestiduran abstenitzea babesten duten edo ez. Koalizioaren Zuzendaritzaren iritziz, "Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua osatzea bideratuz gero, estrukturalak diren egungo arazo larriei konponbidea emateko aukera zabalduko litzateke".

Bide telematikoak baliatuz egingo dute kontsulta, EH Bilduren web orriaren bidez, ostiraleko 12:00ak arte. Galdera hauxe izango da: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin Gobernua eratu dezan?".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia albisteak Politika Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua bideoak Espainia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC azken ordukoa