Politika -

Sanchezen inbestidura

PSOE zuhurtzia handiz jokatzen ari da bigarren bozketaren aurreko orduetan

Gehiengo soilarekin aski izango du Sanchezek presidente aukeratua izateko, baina oso bozketa estua espero da, eta beharrezkoa izango da inbestidura erraztuko duten diputatuen artean bajarik ez egotea.

Pedro Sanchez, Kongresuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Kongresuan.
Pedro Sanchez, Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE zuhurtzia handiz jokatzen ari da Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidurarako bigarren bozketaren aurreko orduetan. Lehen saiakeran, Sanchezek ez zuen presidente izateko babes nahikoa lortu, horrenbestez, bihar, asteartea, egingo den bozketa erabakigarria izango da. Atzo, eztabaida zakarra izan zuten diputatuek Behe Ganberan, eta, horrek, legegintzaldi honetan espero den haserre eta polarizazio maila erakusten du.

Bozketa 12:45 aldera hasiko da. Kasu honetan, gehiengo soilarekin (aldeko boto gehiago) aski izango du Sanchezek presidente aukeratua izateko, baina oso bozketa estua espero da, eta, beraz, beharrezkoa izango da inbestidura erraztuko duten diputatuen artean bajarik ez egotea.

Testuinguru horretan, PSOE ez da fio, eta Madrilen ostatu hartzeko agindua eman die bere 120 diputatuei. Gauzak horrela, Sanchezek ez du ezustekoetarako zirrikitu txikirik utzi nahi, sozialistaren baten boto aldaketak kezkatzen baitu. Izan ere, Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramailea PSOEren barruan arrakala sortzen ahalegindu dela baieztatu dute sozialistek.

Ezustekorik ezean, Sanchez presidente izatea ahalbidetuko dute aldeko 167 botorekin (PSOE, Unidas Podemos, EAJ, Mas País, Compromis, NC, Teruel Existe eta BNG), kontrako 165ekin (PP, Vox, Cs, JxCat, UPN, Cup, PRC, Foro eta CC) eta 18 abstentziorekin (ERC eta EH Bildu).

Ildo horretatik, Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa eta Kanpo Arazoetako jarduneko ministroak baztertu egin du diputatu sozialistaren batek Sanchezen inbestidura zapuzteko aukera. "Alde bozkatuko dugu denok, ez dugu inolako presiorik onartuko", esan du.

"PSOEko diputatuok zer bozkatzen dugun jakiteko erantzukizuna dugu, ez dut uste norbaitek boto asmoa aldatu dezakeenik", azpimarratu du Roblesek. Halaber, Sanchez inbestitua ez izateko asmoz, Kongresuan ordezkatuta dauden talde parlamentario batzuk beste alderdietako diputatuekin harremanetan jartzen saiatzea salatu du.

Ildo horretatik, hautagai sozialista presidente izendatu ahal izatea espero du Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak, baina ez du baztertu "inolako gorabeherarik". "Eskuinetik edozein gauza espero dugu", nabarmendu du.

"Presio antidemokratikoak" salatu ditu Teruel Existek

Horrez gain, Tomas Guitarte Teruel Existek Kongresuan duen diputatuak jasan dituen dituen "presio antidemokratikoak" gaitzetsi ditu alderdi horrek, eta sare sozialen bidez jasotako jazarpenaren aurrean, "errespetua" eskatu du, baita bere herrian, Cutandan, agertutako pintaden aurrean ere.

Sanchezen inbestidura eztabaidako bigarren egunean, "hedabideen partetik eta sare sozialen bidez" bere alderdiak jasandako "presio handia" salatu zuen Guitartek, eta bere udalerrian eta eskualdean hautagai sozialistari babesa ematearen aurkako "pintadak" agertu direla gaineratu zuen.

Teruel Existek ohar baten bidez azpimarratu duenez, alderdia "ardentasun osoz" jokatzen ari da, eta, hauteskundeetan esan zuena betez. Hau da, "Gobernua osatzeko babes nahikoa duenari gobernagarritasuna erraztea eta blokeo politikoarekin amaitu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak