Politika -

Europako Parlamentua

Puigdemont eta Comin epaitu ahal izateko prozedura abiatu du Europako Parlamentuak

Bi buruzagiek immunitatea dute, eurodiputatu gisa, baina Auzitegi Gorenak immunitate hori kentzeko eskatu du, eta horregatik abiatu du prozedura hori Ganberak, suplikatorioa bideratuz.

Carles Puigdemont, aste honetan, Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE.
Carles Puigdemont, aste honetan, Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE.
Carles Puigdemont, aste honetan, Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak iragarri du ostegun honetan Carles Puigdemont eta Toni Comin Kataluniako buruzagi independentisten aurkako suplikatorioaren prozedura abiatu duela. Puigdemontek eta Cominek immunitatea dute, eurodiputatu gisa, baina Espainiako Auzitegi Gorenak immunitate hori kentzeko eskatu du, Espainian epaitu ahal izateko biak, eta horregatik abiatu du prozedura Europako Parlamentuak. Aurreikuspenen arabera, prozedurak hainbat hilabete iraungo du.

"Espainiako agintariak gure erakundearen presidenteari zuzendu zaizkio, Carles Puigdemonten eta Toni Cominen immunitatea baliogabetzea eskatzeko, bi eurodiputatu horien aurkako ikerketa judizialekin jarraitu ahal izateko. Eskaera Gai Juridikoen Batzordeak hartuko du bere gain", Ewa Bozena Kopacz Europako Parlamentuko presidenteordeak bilkuran esan duenez.

Hortaz, hurrengo pausoa gaia batzorde horrek aztertzea izango da; ostegun honetan bilduko da, baina ezin izango dio suplikatorioari heldu. Batzordearen ondorengo bilerak urtarrilaren 27an eta 28an izango dira.

Txosten bat egin eta bozkatuko dute

Batzordeak, lehenik eta behin, txosten bat egingo duen txostengilea izendatuko du. Txosten horren gainean, Batzordeak eta bilkurak emango dute botoa. Txostengilea ezingo da eurodiputatu espainiar bat izan.

Gaia ateak itxita eztabaidatuko dute, eta Puigdemontek eta Cominek bertan hitz egiteko aukera izango dute. Abokatua eraman ahal dute, gainera, aholkulari gisa, edo beste eurodiputatu bat hauta dezakete hark ordezka ditzan.

Bi eurodiputatu katalanek presidenteordeak bilkuran jakinarazi aurretik izan dute suplikatorioaren berri. Batzorde horretan lan egiten duen Iban Garcia del Blanco PSOEko eurodiputatu espainiarraren esanetan, batez beste 2-3 hilabete ematen ditu batzorde horrek kasu bakoitza aztertzen.

Batzordeak ez du diputatuen erruduntasunaz ala errugabetasunaz ebatziko. "Hau ez da justizia auzitegi bat. Gu ez gara epaimahaia. Parlamentuaren batzordeetako bat gara, eta gai hauetaz arduratzen gara", esan du aste honetan Garcia del Blancok.

Europako Parlamentuko hiru talde nagusiek, popularrek, sozialdemokratek eta liberalek, immunitatea kentzearen alde bozkatuko dutela iragarri dute. Nolanahi ere, botoa bere izenean ematen du eurodiputatu bakoitzak, eta ez dago talde-diziplinarik.

Baliteke, halaber, beste talde txikiago batzuek (Voxek, besteak beste) ere suplikatorioaren alde egitea. Marco Zanni ultraeskuindarrak, aldiz, esan du ez duela suplikatorioa babestuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Batasun europarra Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Europa bideoak Eguneko albisteak Albisteak Puigdemont azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean