Politika -

Bigarren gradua

Jordi Sanchezi 72 orduko baimen berri bat ematea proposatu du Lledonerseko espetxeak

Hala eta guztiz ere, ANCko buruzagi ohiak iragarri duenez, "familiaren agenda arrazoiengatik", ez da urtarrilaren 25a baino lehen aterako Lledonersetik 48 orduko aurreneko kartzela-baimenaz gozatzeko.

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez buruzagi independentistak. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez buruzagi independentistak. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez buruzagi independentistak. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohiari 72 orduko kartzela-baimen berri bat ematea proposatu du Lledonerseko (Bartzelona) espetxeak. 48 orduko baimen bat eman zioten ostegunean, baina "familiaren agenda" arrazoiengatik ez du urtarrilaren 25a baino lehen baliatuko.

Generalitateko Zigor Neurrien Idazkaritzak jakitera eman duenez, Lledoners Kartzelako Zigor Batzordeak Sanchezi 72 orduko baimena ematea proposatu du. Kasu honetan, erabakia espetxe zaintzako epaitegiak berretsi behar du, baimena onartzeko eskumena baitu.

Iragan asteazkenean Generalitateak 48 orduko kartzela-baimena eman zien Sanchezi eta Jordi Cuixart Omniumeko buruzagiari. Cuixart atzo arratsaldean atera zen espetxetik, eta kartzela-baimen bat duen Kataluniako prozesuaren auziko lehen presoa da. Preso independentista guztiak bigarren graduan sailkatu dituzte dagoeneko.

24 eta 48 orduko kartzela-baimenetan, Generalitateak du azken hitza Kartzelako Zigor Batzordeak planteatutako proposamena onartzeko orduan, baina hiru eta zazpi egun bitarteko irteeratan espetxe zaintzako epaitegiak ebatzi behar du proposamena.

Sanchezek Twitter sare sozialean iragarri duenez, "familiaren agenda arrazoiengatik" urtarrilaren 25a baino lehen ez da Lledonersetik aterako, Generalitateak emaniko 48 orduko aurreneko kartzela-baimenaz gozatzeko.

ANCko buruzagi ohiak 9 urteko espetxe-zigorraren laurden bat bete du jadanik. Lledonerseko kartzelaren ateetan zain zituen kazetariei eskerrak eman dizkie Sanchezek, baina gutxienez urtarrilaren 25era arte lehen baimenaz gozatuko ez duela ohartarazi die.

Preso independentistak bigarren graduan sailkatu ondoren, Generalitateak 48 orduko lehen kartzela-baimena eman zien Sanchezi eta Cuixarti.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Kataluniako prozesua zuzenean