Politika -

ESPETXE-POLITIKA

"Motxiladun haurren zama" arintzea eskatu dute ehunka pertsonak Donostian

Sarek 'Motxilak gora!' ikuskizuna antolatu du Donostiako Atano pilotalekuan, presoen seme-alaben egoera salatzeko eta espetxe-politika arrunta aplikatzea eskatzeko.

'Motxilak gora' ekitaldiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EFE
'Motxilak gora' ekitaldiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: EFE
''Motxiladun umeen'' egoera salatu dute Donostiako Atano pilotalekuan

4:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru urte bete ditu gaur Xuak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga ETAko presoen alabak. Ondorioz, amarekin bizi den Picassenteko espetxea utzi beharko du eta Usurbilera joango da bizitzera, amonarekin.

Xuaren eta 'motxiladun haurren' egoera salatzeko 'Motxilak gora!' ekimena antolatu dute Donostiako Atano pilotalekuan, eta ehunka pertsona batu dira bertan. Festa eta aldarrikapena uztartu dituzte, presoen seme-alabek "bizkarrean daramaten zama arintzea" eskatzeko. Egoera hori irudikatzeko, motxila erraldoi bat bizkarrean duela agertu da Porrotx pailazoa agertokira.

"Gaurtik aurrera, Xuak 1.200 kilometro egin beharko ditu gurasoak ikustera joan behar den bakoitzean", salatu du gaur Sarek.

Presoen eskubideen aldeko herritar plataformak azaldu duenez, Lasagabaster eta Uranga presoek kondenaren hiru laurdenak beteta dituzte, eta, beraz, legedi arruntaren arabera, kalean egon beharko lukete Xuarekin. Gradu progresioa ahalbidetzea eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Hainbat mobilizazio egin ditu Sarek azken hilabeteotan, 'motxiladun haurrak' deiturikoen egoera salatzeko. 102 adin txikikok dute gaur egun aita, ama edo biak kartzelan (lau Valentzian bizi dira, Picassent espetxean, eta beste bat Madrilen, Aranjuezekoan).

Aurreko igandean, Sare plataformak eta 'Bakearen Artisauek' deituta, 80.000 lagun inguru bildu ziren Bilbon eta Baionan, manifestazio banatan, euskal presoen eskubideen alde eta egungo espetxe politikaren kontra. Bakean eta elkarbizitzan sakontzea eta euskal presoen eskubideen alde "urrats ausartak" ematea aldarrikatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Presoak ETA Eguneko albisteak Usurbil Albisteak Umeak azken ordukoa Espetxeen azken ordukoa Aitak albisteak Atano III pilotalekua gaur