Politika -
Eusko Alkartasuna
Eusko Alkartasuneko primarioen auziaren epaiketa martxoan izango da
Epaiketa martxoaren 24an eta 25ean egingo dute Gasteizen. Sektore kritikoaren lekukoek lehen saioan deklaratuko dute, eta alderdiarenak, bigarrenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Alkartasunaren barne-hauteskundeen harira abiarazitako auziaren epaiketa martxoaren 24an eta 25ean egingo dute Gasteizen.
Pello Urizarren ordezkoa aukeratzeko primarioetan, sektore kritikoak barne-hauteskunde horietan parte hartzeko zuen eskubidea urratu zitzaiola salatu zuen. Maiorga Ramirez zen sektore horren hautagaia.
Auzia epaitegietara iritsi zen eta gaur bi aldeak Gasteizko epaitegian izan dira. Bakoitzak bereari eutsi dio eta, ondorioz, epaileak epaiketarako data ezarri du. Halaber, lekukoen zerrenda onartu du. Lehen saioan sektore kritikoaren lekukoek deklaratuko dute, eta bigarrenean, alderdiaren zuzendaritzak aukeratutakoek.
Besteak beste, Joseba Gezuraga Hauteskundeen Antolakuntzarako Batzordearen arduradun eta jarduneko idazkari nagusi ohiak, EAren zuzendaritzako hainbat kidek eta Bermeen Batzordeko bi ordezkarik deklaratuko dute.
Sektore kritikoak salatu duenez, Maiorga Ramirezi afiliatuei buruzko datuak jasotzea ukatu zitzaion bitartean, Eba Blancoren hautagaitzak informazio hori erabiltzeko aukera izan zuen. Horixe da orain epaileak argitu beharko duena, Ramirezen eskubideak urratu ziren ala ez.