Politika -

Polemika Ezker Batuan

Ezker Batuak Serafin Llamas eta Javier Madrazo zigortuko ditu

Gainera, David Lozano Arabako Ezker Batuko koordinatzaileak eta negoziazio batzordeko kideak kargua alderdiaren esku utzi du "erabilia eta engainatua" sentitzen delako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak Euskal Telebistari egindako adierazpenetan esan du Euskadiko exekutibak Serafin Llamas eta Javier Madrazo zigortuko dituela, Araban Foru Gobernua osatzeko Eusko Alderdi Jeltzalearekin egindako negoziazioen haritik.

Aranaren iritziz, "onartezina" izan da zenbait alderdi-kideren jarrera. Edozein kasutan, "gutxi batzuen jokabide pertsonalak" Ezker Batuaren jarduerarekin ez duela "zerikusirik" azpimarratu du alderdiko koordinatzaileak. Gogoratu behar da Arabako Foru Gobernua osatzeko Eusko Alderdi Jeltzalearekin izandako negoziaketetan lanpostuak eta mailegu bat eskatu izana onartu dutela hainbat alderdikidek.

Mikel Aranak atzo kargua alderdiaren esku utzi zuen Serafin Llamas eta hori egin ez duen Javier Madrazo izan ditu hizpide zigorrez hitz egiterakoan.

Arabako zuzendaritzatik ere bi horiek alderdia berehala utz dezatela eskatu zuten atzo. Idatzi baten bitartez, berriz, gaiaz ezer ez zekitela diote Mertxe Etxezarreta, Kontxi Bilbao, Nerea Galvez eta David Lozano alderdikideek.

Azken honek, hain zuzen ere, kargua alderdiaren esku utzi du eta ez du alderdia uztea baztertu gertatutakoarekin "erabilia eta engainatua" sentitu delako.

David Lozanoren kasua

David Lozano Arabako Ezker Batuko koordinatzaileak eta negoziazio batzordeko kideak bere kargua alderdiaren esku uztea erabaki du eta ez du baztertu Ezker Batua uztea, formazio osatzen duten familia ezberdinengandik "erabilia eta engainatua" sentitzen delako.

Gainera, "programarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik" negoziazio prozesuan parte hartzeari uko egin ziola onartu ostean, ikerketa bat irekitzearen alde egin du "Arabako negoziazioetan zer gertatu den argitzeko".

Lozanok esan du Araban EAJrekin Foru Gobernua osatzeko negoziatu zuen batzordeak ez daukala "zerikusirik inondik inora" prozesu horren gainean sortu den polemikarekin.

Kontxi Bilbaok egindako adierazpenak berretsi ditu Lozanok, Arabako batzorde negoziatzailearen "helburu bakarra" programa kontuetan akordioetara iristea zela, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea