Politika -
Hernani
"Salbuespen politikei" amaiera emateko eskatu dio Etxeratek Espainiako Gobernuari
Elkartearen ahotan, "sakabanaketaren aurka eta espetxe politika aldatzearen alde behin eta berriro azaldu da gehiengo sozial, politiko eta sindikal eztabaidaezin bat".
Agentzia | Erredakzioa
Presoen sakabanaketari eta "salbuespenezko espetxe politikei premiaz" amaiera ematea eskatu dio Etxerat presoen senideen elkarteak Espainiako Gobernuari larunbat honetan.
Hernaniko (Gipuzkoa) Kultur Etxean agerraldia egin dute. Presoen senitartekoek euren testigantzak utzi dituzte. Etxeraten hitzetan, "sakabanaketaren aurka eta espetxe politika aldatzearen alde behin eta berriro azaldu da gehiengo sozial, politiko eta sindikal eztabaidaezin bat".
Hala ere, orain arte Espainiako Gobernua "beste interes batzuei helduta egon da, eskaerari entzungor eginda", salatu dutenez. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak 2018ko ekainean espetxe politikan aldaketak iragarri zituela gogorarazi du elkarteak. Nahiz eta kartzela batzuetara presoak hurbildu eta gradu aldaketa batzuk izan, "oraindik salbuespenezko espetxe politika berezi bat sistematikoki aplikatzen ari dira", kritikatu duenez.
Presoen egoerak "ez du atzerapenik onartzen, ezta zalantzarik ere", azpimarratu dute. "Oraindik eman ez den espetxe politika aldaketa iragarri zutenetik 19 hilabete luze pasa dira dagoeneko" eta "bisitak egiteko bidaietan beste 18 istripu gertatu dira", gaineratu dutenez.
"Zenbat sufrimendu gehiago eragin nahi digu Espainiako Gobernuak? Amaitzeko ordua da. Euskal gizartearen eskakizunari men egiteko garaia da. Euskal gizarteari aurrera begiratzeko eta aurrera egiteko aukera eman behar zaio", aldarrikatu du Etxeratek.