Politika -

Nafarroa

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa

Navarra Sumaren iritziz, Aurrekontu Orokorren Lege proiektuak "Foru Erkidegoaren beharretatik urrun dagoen zerga politika proposatzen du". Dena dela, bere ekimena ez da aurrera atera.

Nafarroako Parlamentua. Argazkia: Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua.
Nafarroako Parlamentua. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Navarra Sumak aurtengo Aurrekontu Orokorren Lege proiektuaren aurka aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota du gaur, osteguna, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak. Izan ere, soilik koalizio horretako 20 ordezkariek babestu dute ekimena, eta, gainerako parlamentariek (50), proposamenaren aurka bozkatu dute.

Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak ez du osoko bilkuran parte hartu, eta gaurko aurreikusita zituen gainerako hitzordu guztiak bertan behera utzi ditu, aita atzo hil zitzaiolako. Testuinguru horretan, gaurko osoko-bilkuran eztabaidatu behar zituzten gai batzuk gai-zerrendatik kendu dituzte, eta, talde parlamentario guztietako bozeramaileek doluminak adierazi dizkiote presidenteari.

Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu) EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren babesa izan dute Navarra Sumaren ekimena atzera botatzeko orduan. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk gastu-muga igo eta zuzenketen kontra bozkatzeko akordioa sinatu zuten joan den astean. I-Ek ere Foru Exekutiboari babesa emango ziola aurreratu zuen Gobernua osatu zenean, eta haien proposamenak negoziatu nahi ditu orain, 2020rako kontuak onartu aurretik.

Elma Saizek, Ogasun kontseilariak, Aurrekontuen Legearen proiektua babestu du gaur osoko-bilkuran, "Nafarroarentzat eta herritarrentzat aurrera egiteko aukera" dela esanez. Bere esanetan, "zorroztasun osoz egin dira aurrekontuak, egokitzat jo diren aurreikuspenekin, Nafarroa berritzaileagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa lortzeko helburuarekin".

"Gobernu aurrerakoi baten aurrekontu aurrerakoiak dira, ekimen ona da", gaineratu du Saizek, eta Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa ez babesteko eskatu die parlamentariei.

Navarra Sumaren zuzenketa horren arabera, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege proiektuak "Foru Erkidegoaren beharretatik urrun dagoen zerga politika proposatzen du, bai aurrekontu ekitaldiaren xede den urterako, baita epe ertaineko etorkizunerako ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Navarra Suma María Chivite Nafarroako Aurrekontuak 2024 Gastu publikoa