Politika -

EH Bilduren ekitaldia Durangon

"Herri bat irabazteko" apustua berretsi du Iriartek

EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzetan, "herritar bakoitzaren eguneroko lana ezinbestekoa da euskal errepublika askea" eraikitzeko.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren ekitaldia Durangon (Bizkaia). Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte, EH Bilduren ekitaldia Durangon (Bizkaia). Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte, EH Bilduren ekitaldia Durangon (Bizkaia). Argazkia: EH Bildu

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herri bat irabazteko" apustua berretsi du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak, "guztien eskubideak errespetatuz", "presoak etxera" hurbilduz eta "biktima guztiei erreparazioa" eskainiz.

Gainera, Euskal Herriak "bere etorkizuna erabaki ahal izateko larrua" utziko duela agindu du.

Maddalen Iriarte lehendakarigaia aurkezteko ekitaldia egin du EH Bilduk Durangon (Bizkaia). Mahai Politikoko kideak, tartean Arnaldo Otegi, legebiltzarkideak, besteak beste, Jasone Agirre, eta Inma Garrastatxu Durangoko alkatea ekitaldian izan dira. Martin hautagaiaren semeetako batek lehendakarigaia aurkezteko ardura izan du.

Hitzaldian, "herri bat irabazteko" prest agertu da Iriarte. EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzetan, "herritar bakoitzaren eguneroko lana ezinbestekoa da euskal errepublika askea" eraikitzeko.

Euskal Herrian "bizi eta lan egiten duten gizon eta emakume guztiek egindako" herri bat aldarrikatu du legebiltzarkideak, baina baita "gure diaspora zabaleko herritarrek, erbesteratuek, deserriratuek eta espetxeratuek" egina ere. "Guztiona", zehaztu du.

"Zuhaitz bat landatzearekin ez da nahikoa, erraustegia martxan dagoen bitartean edo zabortegietan amiantoa gupidarik gabe botatzen denean"

"Egoera azkar aldatzeko, lurra zaintzeko" konpromisoa hartu du, "zuhaitz bat landatzearekin ez delako nahikoa, erraustegia martxan dagoen bitartean edo zabortegietan amiantoa gupidarik gabe botatzen denean".

"Kalean eta erakundeetan borroka" egiteko "prest eta ilusionaturik" azaldu da. "Munduan borrokarik gabeko gizarte aldaketarik ez dela izan aldarrikatu nahi dut. EH Bilduk behartsuenen borrokarekin bat egingo du beti", adierazi du.

Euskal Herria "herri txiki bat" dela onartu du, baina "gauza handiak egiteko" kapaz dela erantsi du. "Herri askea" lortzeko konpromisoa errepikatu du.

Bestalde, Zaldibarko zabortegiaren luizian lurperaturik geratu ziren bi langileak gogora ekarri ditu Iriartek.

"Senitartekoei eta lagunei gure elkartasuna adierazi eta besarkada bat bidali nahi diegu une latz hauetan", esan du. Era berean, aurten hildako 19 beharginei "besarkada beroa" eman nahi izan die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Durango Albisteak Maddalen Iriarte