Politika -

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

EH Bilduren zuzendaritzak Maddalen Iriarte proposatu du lehendakarigai

Koalizio subiranistaren Mahai Politikoak aho batez hartu du erabakia. Otsailaren 2ra arte dago hautagaitzak aurkezteko, besterik ez balego, Iriarte biharamunean izendatuko lukete lehendakarigai.

Iriarte, Otegirekin batera, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: @ehbildu
Iriarte, Otegirekin batera, gaurko prentsaurrekoan.
EH Bilduren Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du Lehendakarigai

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du lehendakarigai, Arnaldo Otegi koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Erabakia aho batez hartu dute.

Lehendakarigaia Arnaldo Otegi izango zela uste zuten askok. Koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusia 2021eko otsailera arte inhabilitatuta dago, Bateragune auzia dela eta, baina 2018ko azaroan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuenez, auzi horretako zigortuek ez zuten epaiketa justu eta inpartziala izan. Ondoren, Otegiren defentsak inhabilitazioaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta tramitera onartu zuten, baina oraindik ez dago horren inguruko erabakirik, eta noiz etorriko den ere ez dago garbi.

Azkenean, baina, Iriarte proposatu du EH Bilduren zuzendaritzak. "Hauteskunde horietarako hautagairik onena da", nabarmendu du Otegik.

Iriarte ondoan zuela egin du agerraldia Otegik. Iriarteren hitzetan, "ohore handiz hartzen dut Mahai Politikoak emandako aukera. Prest nago, indarrez nago, erronka honi aurre egiteko".

EH Bilduren araudiaren arabera, otsailaren 2ra arte dute hautagaitzak aurkezteko. Beste inor aurkezten ez bada, biharamunean bertan, otsailaren 3an, izendatuko lukete lehendakarigaia (kasu honetan Iriarte).

Hautagai bat baino gehiago balego, berriz, beste prozesu bat zabalduko litzateke, barne-kanpaina egiteko. Azken erabakia militanteek izango lukete, bozketa bidez, eta otsailaren 17an jakingo litzateke aukeratutako lehendakarigaia nor den.

Bide hori amaitutakoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatu beharko dituzte, eta martxoaren 9rako prest egon beharko dute EH Bilduk EAEko hauteskundeetara aurkeztuko dituen behin betiko hautagaien izen-abizenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba EAEko hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak 2020ko EAEko hauteskundeen emaitzak