Politika -
BATZAR OROKORRA
Presoen gaia agendaren erdigunean jartzeko eskatu die alderdiei Sarek
Aurtengoa "presoak etxeratzeko prozesua martxan jarriko den urtea" izatea nahi du Sarek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare presoen eskubideen aldeko plataformak bere 5. Batzar Orokorra egin du gaur Gasteizen. Aurreko urteko balantzea egin dute, eta aurrera begirako lan-ildoak ezarri dituzte. Besteak beste, azken urteotan hainbat alderdi, sindikatu eta eragile sozialen artean lortutako "adostasuna" nabarmendu dute, eta kontsentsu hori zabaltzea jarri dute helburutzat.
Inixio Oiartzabal Sareko eleduna alderdiei zuzendu zaie, eta presoen auzia agendaren erdigunean jartzeko eskatu die. "Presoen gaia lehentasunezkoa izatea eskatzen dugu, eta ez dezatela erabili gaia liskar politikorako", gaineratu du.
Espainiako Gobernuari ere hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu die Sarek, eta, horretarako, espetxe politika lehenbailehen aldatzea eskatu dio Pedro Sanchez presidenteari. Azken urtebetean Espainiako Exekutiboa funtziotan egoteak aurrera egitea oztopatu duela salatu dute.
Oiartzabalen hitzetan, aurtengoa "presoak etxeratzeko prozesua martxan jarriko den urtea" izatea nahi dute.
Apirilaren 5erako deituta dauden Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen atarian, euren programetan presoen gaia txertatzeko eskatu die Oiartzabalek alderdi politikoei.