Politika -
A5
Zer egin etxeko postontzian hauteskunde propaganda ez jasotzeko
Estatistikako Institutu Nazionaleko webgunean zein udaletan, bulego kontsularretan eta Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzetan egin daiteke eskaera.
eitb.eus
Hauteskunde propaganda etxeko postontzian ez jasotzeko aukera ematen du Estatistikako Institutu Nazionalak. Sare sozialetan ere, apirilaren 5eko hauteskundeak direla-eta, hainbat kanpaina abiatu dituzte alderdiek propaganda ez bidaltzea eskatzeko.
Propaganda saihesteko aukera apirilaren 28ko hauteskundeetan erabili zen aurrenekoz, 2018an Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoa berritu ostean.
Eskaera udaletan, bulego kontsularretan eta Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzetan egin daiteke zuzenean. Internet bidez, Estatistikako Institutu Nazionalaren webgunean egiten da. Eskaera otsailaren 24ra arte egin daiteke.
Eskaera egiteko, lehenik eta behin, sinadura elektronikoko ziurtagiria izan beharko dugu edo Cl@ve PIN sisteman erregistratu beharko gara. Administrazio publikoan 'online' izapideak egiteko balio dute biek.
Jarraian, identifikatzeko modua aukeratu beharko duzu: ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve PIN sistema.
Zeure burua identifikatutakoan, zure datuak agertuko dira. Beheko atalean, klik egin beharko duzu alderdien zerrendan zure datuak agertzea nahi duzun edo ez aukeratzeko.
Bertan klik eginez gero, bi aukera dituen menu bat zabalduko zaizu. Posta bidez hauteskunde propaganda jaso nahi ez baduzu, "Ez dut jaso nahi" aukeratu, eta "Eskaera bidali".
Eskaeraren ziurtagiria ere eskatu ahal izango duzu, "Ziurtagiria lortu" hautatuta.
Izapidea amaitutakoan, zure datuak ez dira alderdiek hauteskundeetan jasotzen dituzten hautesle-erroldetan agertuko.