Politika -
Katalunia
Puigdemontek "behin betiko borroka" prestatzeko dei egin du Perpignanen
JxCat eta ERCren arteko harremanak unerik onenean ez daudela kontuan hartuta, Oriol Junqueras buruzagi errepublikarrak bidalitako bideoa ez dute ondo hartu bertaratutakoek.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak independentismoaren babesa duela erakutsi du, Consell per la Republicak, ANCrekin eta Omnium Culturalekin batera, Perpignanen (Iparraldeko Katalunia) antolatutako ekitaldian.
Izan ere, 200.000 pertsona inguru bildu ditu -erakundearen datuen arabera-. Bildutako jendetzak senyerak zein esteladak eramateaz gain, Estaca bezalako kantak abestu ditu.
Ekitaldiaren amaieran, "president" oihukatu diote, eta Puigdemontek "behin betiko borroka" prestatzeko dei egin du. Era berean, urriaren 1aren zilegitasuna aldarrikatu du, Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiekin batera.
Puigdemonti txalo zaparrada artean egin diote harrera ekitaldian sartu ezin izan diren milaka lagunek.
JxCat eta ERCren arteko harremanak unerik onenean ez daudela kontuan hartuta, Oriol Junqueras buruzagi errepublikarrak bidalitako bideoa ez dute ondo hartu bertaratutakoek, txistu egin baitute, Estatua adostasun batera heltzera behartu dutela adierazi duenean.
Hitzaldiez gain, musikak ere girotu du ekitaldia -ordubete beranduago hasi da-; Roger Mas, Lluis Llach eta Gerard Jacquet abeslariek abestu dute, eta Castellers de Vilafrancako collakoek ere ikuskizuna eman dute.