Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zergak apur bat igotzea onar lezakeela esan du Javier de Andresek
Arabako ahaldun nagusiak berretsi egin du zergak igotzearen aurka dagoela, baina, akordioak ahalbidetzeko bada, zenbait zerga aztertzeko prest dagoela adierazi du.
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak berriro nabarmendu du zergak igotzearen kontra dagoela, baina guztiari ezetz esan ezin diola eta, instituzioen arteko akordioak ahalbidetzeko bada, zerga batzuen "igoera txikiak" aztertzeko prest dagoela adierazi du. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, De Andresek esan du joan den asteazkenean lehendakariarekin izan zuen bilera eta gero, "EAJrengandik hurbilago" dagoela, PSErengandik baino. Ezinbestekotzat jo du hiru diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko adostasuna eta horretarako "formula bat" bilatzeko ahalegin berezia egin behar dutela erantsi du. Bere iritzian, defizita kontuan hartuta, ezingo da zergarik kendu, eta fiskalitate ereduan aldaketa batzuk egitea proposatu du.
Areago, zerga batzuk jaistearen alde agertu da, familiei bultzada emateko eta jaiotze-tasa handitzeko.Sozietateen gaineko zerga eta oinordetzeen gaineko zerga aztertu behar direla ere esan du.
Bestalde, atzo Jose Luis Bilbaok egindako adierazpenak ukatu egin ditu eta Patxi Lopezek gizarte-zerbitzuak murrizteko proposamenik egin ez diela azpimarratu du. Arabako ahaldun nagusiaren arabera, lehendakariak egindako proposamenak gizarte-zerbitzuetan iruzurra kontrolatzeko neurriak biltzen ditu, "baina nire ustez ez dira murrizketak". Legegintzaldi berriari buruz, De Andresek adierazi du Alderdi Sozialistari emango diola lehentasuna, PSEren botoei esker lortu zutelako Arabako Gobernua, baina, fiskalitateari dagokionez, akordioak EAJrekin bilatzea nahiago duela azpimarratu du.