Politika -

Aberri Eguna 2020

ELAk autodeterminazioa eskatu du, krisiaren aurka; LABek "bizitza erdian" nahi du

Igandean Aberri Eguna ospatuko dela eta, bi euskal sindikatu horiek adierazpenak zabaldu dituzte.

Mikel Noval, ELAko ordezkaria. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Mikel Noval, ELAko ordezkaria
Mikel Noval, ELAko ordezkaria. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak pandemia-egoera honetan autodeterminazioaren alde borroka egiteko konpromisoa agertu du, "bizi dugun krisiari elkartasunean oinarritutako irtenbide bat" emateko, igandeko Aberri Egunari begira; LABek, bere aldetik, "herri-subiranotasuna" aldarrikatu du, "bizitza erdian kokatzeko".

Horixe adierazi du ELA sindikatuaren Batzorde Nazionalak, igandean ospatuko den Aberri Egunarekin lotuta egindako adierazpenean. Bertan, "elkartasuna" agertu die "salbuespeneko egoera honetan ondorio larrienak pairatzen ari direnei", eta horien artean aipatu ditu "euren lanpostuetan jarraitu behar duten langileak, preso daudenak –konfinamendu bikoitza bizi dute– eta haien senitartekoak, bisita egiteko eskubiderik ez dutelako, eta egoera bereziki ahulean dauden pertsonak". Azken talde horretan sartu ditu adineko pertsonak, etxerik ez dutenak eta tratu txarrak ematen dizkietenekin bizitzera behartuta dauden emakumezkoak eta adingabeak.

"Ezin ditugu ahaztu Zaldibarren desagertuta dauden bi langileen familiak", azpimarratu dute.

Gainera, ELAko arduradunek azaldu dutenez, "bizi dugun osasun- eta gizarte-krisian garrantzi berezia dute ekimen kolektiboek, botere asoziatiboek eta instituzio publiko eta herrikoiek", eta horri begira sindikatuak euskal nazioa eraikitzeko duen erantzukizuna "berretsi" du.

Halaber, eta egoera ekonomikoari lotuta, "azken hamarkadetako murrizketak, pribatizazioak eta langileen prekarizazioa jasan ostean, orain milaka langile beraien osasuna eta bizitza arriskuan jartzera derrigortzen dituztela" salatu dute, "lanera babes nahikorik gabe joan eta beharrezkoak ez diren lanak betetzeko".

Ekonomiarekin jarraituz, Espainiako Gobernuari "patronalaren agenda" defendatzeko aurre egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, bai eta "autogobernua enpresei gustatzen ez zaizkien dekretuen kontra egiteko erabiltzea" ere. Era berean, Jaurlaritzak "salbuespeneko egoera, eskumenen urratzea eta okupazio indarren presentzia naturaltasun osoz" hartzea salatu du.

ELAk "gehiengoaren alde egingo duten ekimen kolektiboak abian jartzeko beharra" defendatu du, "guztiona dena defendatzeko eta pertsonen bizitza eta ongizatea beste guztiaren aurretik jartzeko".

LABek, bere aldetik, igande honetako Aberri Egunaren harira argitaratutako agirian, "herri-subiranotasuna" aldarrikatu du, "bizitza erdian kokatzeko"; halaber, leporatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari "patronalaren neurrirako autogobernuaren alde" egin dutela.

LABek, Euskal Herria Bateraren deialdiarekin bat eginda, eskatu die herritarrei balkoietan lan-aldarrikapenak jartzeko, ikurrinaren eta Nafarroako banderaren ondoan. Esan duenez, Urkulluk eta Chivitek, Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemia aitzakia hartuta ezarritako "ezkutuko 155. artikulua"ren aurrean, ez dute erantzun "autogobernuaren alde eginez".

Gaitzetsi duenez, funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko erabakiaren gainean, "oso asaldatuta ikusi ditugu, esan dutenean erabakiak EAEn eta Nafarroan hartu behar direla”". Sindikatuak aurpegiratu die argudiatu dutela ez dutela eskumenik gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko, baina orain, "nahiz eta eskumenik ez duten", ahal dutena ari dira egiten jarduera ekonomikoa ez geldiarazteko, "langileen osasuna arriskuan jartzen ari direla badakite ere".

LABen esanetan, osasun-krisi honetan hartzen ari diren erabakiak "kapitala babestekoak dira, ez langileak"; horren aurrean, sindikatuak nahi du "bizitza erdian jartzen duen eredu bat".

Hori erdiesteko, eskatu du "herri-subiranotasuna, eta, hori bermatzeko, errepublika independente, sozialista eta feminista bat". Salatu duenez, Espainiako Gobernuak "uniformez bete ditu prentsaurrekoak, eta militarrez kaleak, zentralizazioa inposatuta eta gizarte-kontrola ezarrita". LABen iritziz, Espainiako eta Frantziako Gobernuek "aukera" ikusi dute, egungo krisian, "herritarrak diziplinan jartzeko, birusa etsaia dela abiapuntu".

Agirian, LABek nabarmendu du urte-hasiera "gogorra" izan dela langileentzat; izan ere, "21 langile hil dira lanean, eta beste bi desagertu"; bi horiek Zaldibarko zabortegian daudenak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Politika ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa