Politika -
ABERRI EGUNA
Milaka herritar batu dira Euskal Herria Bateraren ekimenara
Alarma egoerak eta konfinamenduak ohiko ospakizunak aldatu dituzte. Momenturik hunkigarriena eguerdian izan da, pandemiaren ondoriorik latzenak pairatzen ari direnen omenezko minutuko isilunearekin.
Agentziak | Erredakzioa
Alarma egoerak eta konfinamenduak Aberri Eguneko ohiko ospakizunak erabat aldatu dituzte aurten, eta etxetik ospatu da aberriaren aldeko oihua. Milaka pertsonak egin dute bat Euskal Herria Batera plataformak gaurko egindako deialdiarekin, eta ikurriñak eta Nafarroako banderak jarri dituzte balkoietan eta leihoetan.
Ekitaldi nagusia eguerdian izan da; 12:30ean minutu bateko isilunea egin dute COVID-19aren biktima guztien omenez, eta ondoren Txoriak Txori eta Ikusi Mendizaleak abestu dituzte, mila eratara. Euskal Herria Baterako antolatzaileen esanetan, "osasun krisiaren ondorio latzenak pairatzen ari direnen omenez: hildakoak, haien senitartekoak, eta gu zaintzeko euren bizitza arriskuan jartzen ari direnak". "Oroimena, aintzatestea eta elkartasuna" adierazteko, goizean azpimarratu duten moduan.
Beste ekitaldietako bat herritarrek bidalitako milaka argazkirekin egindako mosaikoa izan da. Guztira, 5.200 argazki bildu dituzte bertan, ospakizunaren parte sentitzen direnen irudi eta mezuekin.
Euskal Herria Baterak osatu duen mosaikoa
Ekitaldi apala izan da, zazpi minutu ingurukoa, Aberri Egun diferente bati "buelta emateko". Ekitaldien amaieran aditzera emandako adierazpen batean, Euskal Herria Batera plataformako kideek nabarmendu nahi izan dute "aurtengo Aberri Egun bereziak" argi utzi duela "Euskal Herrian bateratasuna eta aldiberekotasuna posiblea direla". "Nahikoa izan da pertsona multzo txiki batek aukera ematea, mila herritarrek ekimen bateratu batean parte hartzeko eta eragile sozial, politiko eta sindikalek ere ospakizunarekin bat egiteko".
Euskadi Irratian goizean egindako elkarrizketan, Mikel Irizar Euskal Herria Batera plataformako bultzatzaileetako batek esan duenez, aurten Aberri Eguna berezia izango da, eta Euskal Herri osoko herritarrak "komunitate bezala indartzeko" balioko du.
Ekimenak jaso duen babes zabala nabarmendu du Irizarrek. Desadostasunak desadostasun, egoera jakinetan elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratu du Irizarrek, eta aurtengo Aberri Eguna horren adibide dela ziur dago. "Aurtengo Aberri Egunak utziko digun irakaspenik handiena hori da", esan du.
Hala, bakoitzak bere erara ospatzeari eta, aldi berean, denek mezu bakarra zabaltzeari garrantzitsua iritzi dio. Irizarren arabera, bat egiten dugun horretan jarri behar dugu azpimarra, ideologietan eta alderdikerietan erori gabe. Horregatik, herri ekimena Aberri Egunaren erdigunean jartzearen alde agertu da, "komunitatea" indartuz, gero horren gainean "nazioa eraikitzeko".
Ortuzar (EAJ): "Euskadi libre eta subiranoa eraikitzea"
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "inguruko nazioek dituzten aukerak eta gaitasunak" erreklamatu ditu Euskadirentzat.
Koronabirusaren krisiaren ondorioz, aurreko urteetan egindako ekitaldi jendetsua egitea baztertuta, Ortuzarrek EAJk onartutako manifestua irakurri du bideo batean.
Idatzi horretan, EAJk dio, egungo egoeran, "nazioa eraikitzeko modurik onena herritarrak zaintzea eta babestea dela".
Bizi dugun egoera "larria" dela onartu du, era "herri honen etorkizunean konfiantza" dutela azpimarratu du, "euskal gizarteak edozein erronkari aurre egiteko indarra eta determinazioa duelako, eta bide horretan aurrera egiteko erakundeak ditugulako, pausoz pauso Euskadi libre eta subiranoa eraikitzeko".
Arnaldo Otegi (EH Bildu): "Euskal Errepublika eraikitzea premiazkoa da"
EH Bilduk koronabirusaren pandemiak eragindako egoera larritik ikasi egin behar dugula esan du, "Euskal Herri hobea eraikitzeko". Zentzu honetan, "berdintasunean bizi diren herritarren Euskal Errepublika eraikitzea inoiz baino premiazkoa da". "Euskal Herrian eta bere subiranotasunean sinesten duten indar sozial, ekonomiko eta kulturalek partekatutako erantzukizuna mahai gainean jartzeko garaia da, etorkizuna erabakitzeko eta ongizatea babesteko", azpimarratu du Otegik.
Ezker abertzaleko ordezkariarentzat, osasun krisiak "sistema neoliberalaren gabezia guztiak biluztu ditu", eta "gure autogobernuaren mugak agerian utzi ditu, erakundeek ezer gutxi egin dezaketelako Espainiako eta Frantziako dekretuen aurrean".
Horiek dira EH Bilduk Aberri Egunari begira, eta Iparraldeko EH Bairekin batera, egindako adierazpenean egin dituen hausnarketetako batzuk. Horrez gain, Arnaldo Otegi koordinatzaileak bideo bat zabaldu du sare sozialetan.
Otegiren hitzetan, "zalantzaz betetako garaia bizi dugu, ziurtasun falta handikoa", baina "krisi guztietan bezala, aukera bat ematen digu jendea babesteko herri hau subiranotasunetik eraiki behar dela uste dugunoi".
Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos): "Aberria jendea da"
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du "aberria jendea dela" eta horren adibide moduan egunetik egunera koronabirusaren aurka borrokan ari diren pertsonak jarri ditu.
Komunikatu batean, Gorrotxategik babesa agertu die osasun krisiaren "ondorioei aurre egiteko lanean ari direnei" eta "bizitza eta zainketak erdigunean jartzen dituen aberriaren alde" egin du.
"Diferentziak alde batera utzi eta elkar babesten eta zaintzen duten pertsonen komunitatean gaude, hori egunero ikusten ari gara gure herrietan babesa eta elkartasuna emateko sortutako sareetan", azpimarratu du Gorrotxategik.
Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Euskadi "plurinazionalaren alde" egin du, "norberaren sentimenduez haratago, euskal herri bat dago, munduan kokatzen gaituen herria, eta pertsonen komunitate baten parte sentiarazten gaituena, gure babeslekua".