Politika -

Polemika biktimen harira

Atzerapausorik ez emateko eskatu dio Patxi Lopezek ezker abertzaleari

Martin Garitanok ETAko biktimen aurrean izan duen jarrera deitoratu du eta indarkeriaren amaiera hurbil dagoela iritzi dio, "estortsio gutunik ez dagoelako eta bi urtetan atentaturik izan ez delako".

Patxi Lopez 'desengainatua' sentitzen da ezker abertzalearekin

01:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "atzerapausorik" ez emateko eskatu dio gaur ezker abertzaleari, eta legez kanporatzeen edota epaitegien zigorren "presioa" jasaten dutenean soilik ematen dituztela urratsak kritikatu du.

Horrez gain, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak biktimen inguruan duen jarrera deitoratu du; izan ere, "biktimen hiltzaileek omendu nahi izan ditu, ETAk hil dituenak babestu beharrean".

SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "nazka" eman zion Martin Garitanori "ETAren biktimen momentua" iritsi ez dela esaten entzun zionean. "Nazkagarria da hori entzutea, berak hiltzaileak egunero omendu nahi dituenean", erantsi du.

Gauzak horrela, ETAk eragindako biktimak eta kaltea aintzat hartzea exijitu dio lehendakariak ezker abertzaleari, "hori baita ibilbide demokratikoa egiteko lehen baldintza". Era berean, "ETAren amaiera eskatu behar dute, inolako anbiguotasunik gabe".

Patxi Lopezek esan du une honetan "engainatua" sentitzen dela, ezker abertzaleak urratsak eman dituelako, "baina badirudielako legez kanporatzeak edo epaitegietako zigorrak ekiditeko asmoz mugitzen direla".

Nolanahi ere, lehendakariak adierazi du ez duela uste ezker abertzaleak azken bi urteetan egindako mugimenduak "estrategikoak" direla.

Amaitzeko, ETAren indarkeriaren behin-betiko amaiera hurbil dagoela iritzi dio, "estortsio gutunak bidaltzeari utzi diotelako eta bi urtetan atentaturik izan ez delako". Alabaina, amaiera hori "presoen edo beste gauza baten truke" eman ezin daitekeela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea