Politika -

Auzitegi Nazionala

'Herriko tabernen' epaia betearazten hasi direla dio Sortuk

Auzitegi Gorenak 2015ean berretsi zuen epaia, lokal horien bidez ETAri dirua ematen zitzaiola iritzita.

Zarauzko Arrano tabernaren aurrean 2015ean egindako protesta bat. ETBtik hartutako irudia
Zarauzko Arrano tabernaren aurrean 2015ean egindako protesta bat.
Zarauzko Arrano tabernaren aurrean 2015ean egindako protesta bat. ETBtik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk jakitera eman duenez, Auzitegi Nazionala azken egunotan hasi da "herriko tabernen" epaia exekutatzen, bankuko kontuen bahiketarekin. Auzitegi Gorenak 2015ean berretsi zuen epaia, lokal horien bidez ETA finantzatzen zela iritzita.

Ezker abertzaleko alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "kontuak enbargatzen hasi dira" eta "beldur" dira datozen egunetan "guztiak enbargatuko ote dituzten".

Gogora ekarri du duela bost urte berretsi zuela Gorenak auzi horren inguruan Auzitegi Nazionalak emandako epaia, non ezker abertzaleko hogei militante zigortu zituzten, tartean Joseba Permach eta Rufino Etxeberria Batasunako buruzagiak.

"Bost urtez epaiaren exekuzioak bere horretan jarraitu du, baina, bitartean, asko izan dira ekarpen politiko eta kulturalari eutsi dioten taberna eta sozietateak. Ahalegin hori aitortu eta txalotu egiten dugu. Beraz, albiste txarra da Euskal Herriarentzat ", esan du Sortuk.

Epailearen erabakia "ezker abertzaleari eta Euskal Herriari egindako lapurreta izugarria" dela eta "iraganekoa" izan beharko lukeela azpimarratu du.

Gobernuak "bere gerra propioa mantentzen du koronabirusaren aldetik, osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan guardia zibilak eta militarrak jartzean", baina "hala ere, epai honen bidez, Espainiako Erresuman autoritarismoak nagusitzen jarraitzen du".

Sorturen esanetan, "oker dabiltza maniobra horiekin ezker abertzalea bere bidean kokatzea lortuko dutela uste badute ". Izan ere, "Euskal Herriaren askapen prozesuan pauso sendoak" eman dituztela eta "norabide horretan aurrera egiteko borrokan" jarraituko dutela azpimarratu du.

Auzitegi Gorenak 2015eko ekainean berretsi zuen Auzitegi Nazionalak urtebete lehenago emandako epaia, eta ezarritako zigorrak apur bat murriztu zituen, baina Auzitegi Nazionalak betearazi behar zituela ebatzi zuen.

Auzitegi Gorenaren arabera, "herriko tabernak" itxi eta enkantean jarri behar ziren, Estatuaren mesedetan, epaia aplikatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Nafarroa Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak