Politika -
Koronabirusa
Arriola: "Dagoeneko etxebizitzen alokairurako laguntzak eska daitezke"
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak positibotzat jo du Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan alarma-egoera luzatzeko dekretua onartu izana.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak positibotzat jo du alarma-egoera luzatzeko dekretua onartu izana. "Ez luzatzeak orain arte lortutako guztia arriskuan jartzen zuen", adierazi du politikari sozialistak, eta "deseskalatzea kudeatzea ona iruditzen zait", gaineratu du. Adostasun horrekin EAJren eta PSE-EEren arteko "ezberdintasunak baztertzea" espero du Arriolak, baina "kritikak batez ere formagatik izan dira, ez hainbeste sakoneko kontuengatik".
"Gaurtik irailaren 30era arte eska daiteke". Alokabideren webgunean eska daitezkeen Eusko Jaurlaritzaren merkatu libreko etxebizitzen alokairurako laguntzek "39.000 euroko gehieneko errenta duten eta 50.000 eurotik gorako ondarea ez duten pertsonei" mesede egin diezaiekete, sailburuak azaldu duenez, "baldin eta errenta gehi gastuak une honetan eskuragarri dauden diru-sarreren % 30 baino gehiago ez badira". Eta COVID-19aren krisiaren eraginez kaltetuta egon beharko dute: langabetuak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak jasan edo diru-sarrerak galdu dituzten autonomoak. 250 euro jasoko dituzte hilean, eta hiru hilean behin ordainduko dizkiete. Jaurlaritzak 15,5 milioi euroko aurrekontua eta 10.000 onuradun izatea aurreikusi ditu.
Moncloaren eta EAJren arteko akordioaren arabera, Gobernu zentralak Iñigo Urkullu lehendakariak uztailean deitu nahi dituen hauteskundeak antolatzea erraztuko du, "betiere osasun berme egokiekin", Arriolaren arabera. "Aukerarik onena uztaila da, udazkenera joatea arriskutsua izango litzatekeelako, osasun krisiak gora egin dezakeelako", gaineratu du.
"Oraindik ezin dugu iragarri Joaquin eta Alberto aurkitu ditugula. Hori lortzeko lanean jarraituko dugu. Egin den lana izugarria da. Eusko Jaurlaritzak 9 milioi euro gastatu eta konprometitu ditu", azpimarratu du. Ingurumen sailburuaren hitzetan, "oraindik ez ditugu adituen azterketaren emaitzak Zaldibarko zabortegia zergatik erori zen jakiteko". "Sailaren jardunak ez du akatsik, baina kanpoko auditore batek zehaztuko du", gaineratu du.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.